Osasuna GIB/HIESA

on .

Zer da hiesa?

Hartutako Immunoeskasiaren Sindromea gaixotasun bihur daitekeen sindrome bat da (horrexegatik hartzen da gaixotasun gisa, nahiz berez ez den). Giza Immunoeskasiaren Birusak (GIB) eragiten du sindrome hori. Gure organismoaren defentsa-sistema hondatu eta pixkanaka suntsitu egiten du birus horrek. Era horretan, denborak aurrera egin ahala, eta medikuaren kontrolik ez badugu, sor daitezkeen infekzioei aurre egiteko giza gorputzak dituen mekanismoek eraginkorrak izateari uzten diote.

Horregatik, gorputzaren defentsek jasaten duten hondamena oso larria ez bada, ez dugu hiesaz edota gaixotasunaz hitz egingo.

Beste alde batetik, ezin daiteke esan norbaitek hiesa duenik GIB edukitzeagatik bakarrik.

Gauza bera dira HIES eta GIB? GIB edukitzea HIES edukitzea da?

Bi galdera horien erantzuna ezezkoa da. GIB edukitzeak (giza immunoeskasiaren birusaren eramaile izateak) ez du esan nahi HIES dugunik edo immunoeskasiaren sindromea garatuko dugunik.

GIB duen pertsona, horrenbestez, bere sistema immunologikoa bezain osasuntsu egongo da.

GIB baldin badut, nabarituko dut?

GIB guztiz asintomatikoa da, alegia, pertsona batek GIB eduki dezake eta osasuntsu sentitu eta egon. Jakingo duzunez, GIB edukitzea ez da HIES edukitzea, eta are gutxiago, gaixo egotea. Denborak aurrera egiten duenean eta gure organismoko defentsak gutxitzen direnean bakarrik iritsiko gara azkenean gaizki sentiaraziko gaituen gaixotasun oportunista batzuk edukitzera.

Kasu batzuetan, transmisioaren ondoko egunetan, sukar-aldiak, ondoeza eta/edo larruazaleko erupzioak izan ditzakegu, gure egoera gripearekin nahastera eraman gaitzaketenak. “Primoinfekzioa” deiturikoa da. Baina birusaren aurka borrokatzen ari den eta zure gorputzaren barruan hura menderatzen ari den organismoa besterik ez da. Gertakari labur horren ondoren, zure osasuna mendia bezain sendoa izan daiteke urteetan. Hori bai, zure medikuaren kontrola beharko duzu eta aldika-aldika zenbait adierazle kontrolatu beharko dizkizu, osasuntsu egon zaitezen.

Zer egin behar dut GIB dudala uste badut?

Egin behar duzun lehen gauza lasaitzea da eta, ahal duzunean, diagnostiko bat ziurtatzea. Diagnostikoa positiboa izanda ere (GIB edukita ere), oso litekeena da urteak igarotzea zure osasuna kontrolatzeko zerbait egin beharra izan arte. Baina hori bai, aldizkako kontrol medikoak egin beharko dituzu.

Zer da GIBaren testa? Zertan datza?

Birusa organismoan dugun jakiteko modu bakarra GIBaren proba egitea da. Proba horretan odol-analisi berezi bat egiten da geure organismoan birusaren aurkako antigorputzak (defentsak) dauden ala ez jakiteko.

Bai, bai, defentsak. Testak defentsak hautematen ditu, baina ez berez birusa. Baizik eta giza gorputzak birusaren kontrako defentsak sortu dituen. Baina epe luzera, defentsa horiek ez dira eraginkorrak.

Antigorputzek hiru hilabete inguru behar izaten dute kopuru nahikoan garatzeko eta, beraz, analitika batean hauteman ahal izateko. Horregatik, probaren emaitza fidagarria izateko, beharrezkoa da gutxienez hiru hilabeteko “serobihurketa-aldi” bat itxoitea, arrisku-jarduera bat izan ondoren.

Probaren emaitza POSITIBOA baldin bada, horrek esan nahi du pertsonak birusa duela eta transmititu egin dezakeela. Emaitza NEGATIBOA baldin bada, horrek esan nahi du pertsonak ez duela birusik, baina horrek ez du etorkizunerako immunizatuko, arrisku-jarduerak edukitzen jarraitzen baldin badu.

Zer da GIBaren proba azkarra?

Proba azkarra odol-test erraz bat da, erreaktibo bat duen paper-zerrenda berezi batean egiten dena, gure gorputzak GIBaren aurrean sortzen dituen antigorputzak hautemateko.

Hatz-mamian egindako ziztada baten bitartez odol-tanta bat aterata egiten da proba hori.

Probak azkarrak dira, lagina hartzen den unetik eta emaitza erdiesten den arte igarotzen den denborari bagagozkio. Denbora hori GIBari buruz dituzun zalantza guztiak galdetzeko aprobetxa dezakezu.

Ez dute laborategirik behar analisia egiteko, baina proba horretan emaitza positiboa izanez gero, beharrezkoa da gero laborategi batean berrestea. Emaitza negatibo batek ez du berrespenik behar, eta lasaitasun osoz itzuli zaitezke etxera.

Non egin daiteke GIBaren proba azkarra?

GIBaren proba sare publikoko osasun-zentroetan egin daiteke eta Gehitu bezala diren elkarte batzuetan, doan eta konfidentzialtasun osoz:

• Lehen mailako arretarako zentroak: familiako medikua.

• Familia-plangintzarako zentroak.

• Sexu-transmisioko gaixotasunen (STI) zentroak.
- Donostia: EJaren osasun-ordezkaritza – Nafarroa Hiribidea 4 (8-9,45)
- Bilbo: EJaren osasun-ordezkaritza – Poza Lizentziatua 13 - 1
- Proba azkarra egiteko aukera ematen duten farmaziak:

ARABA
LANDABURU, 7 Amurrio
POSTA Kalea, 33 Gasteiz
NIEVES CANO, 29 C Gasteiz
NAFARROAKO ERREGE-ERREGINAK, 45 Gasteiz
HONDURAS Kalea, 12 Gasteiz
IRUÑA-VELEIA, 68 Gasteiz
JOAQUÍN COLLAR kalea, 8 Gasteiz

BIZKAIA
MIRANDA Etorb., 17 Barakaldo
AZKUE ERRONDA, 38 Barakaldo
MADRIL kalea, 6 Basauri
MIKEL DEUNAREN ENPARANTZA, 4 Bermeo
BAILEN kalea, 24 Bilbo
SAN FRANTZISKO XABIER PL., 2 Bilbo
URKIJO ZUMARKALEA, 45 Bilbo
FIKA kalea, 65 Bilbo
HENAO kalea, 14 Bilbo
AGIRRE LEHENDAKARIA kalea, 159 Bilbo
AGIRRE LEHENDAKARIA kalea, 1 Bilbo
ZAMUDIOKO ATEA kalea, 1 Bilbo
HIRIKO ORTUAK kalea, 12 Bilbo RODRÍGUEZ ARIAS kalea 43, Bilbo
AGIRRE LEHENDAKARIA kalea, 61 Bilbo
BUENOS AIRES kalea, 11 Bilbo
SAN FRANTZISKO kalea 19, Bilbo LARRATUNDU, 7 Bilbo
IRALA kalea, 32 Bilbo
MONTEVIDEO Etorb., 24 Durango
ANDRÉS LARRAZABAL kalea, 7 Getxo
BASAGOITI Etorb., 45 Getxo
ENKARTERRI kalea, 1 Gueñes
VICTOR CHAVARRI kalea, 14 Portugalete
MAHASTIAK kalea, 67 Santurtzi
GRAN VIA kalea, 62 Sestao
IPARRAGIRRE kalea, 3 Sopela

GIPUZKOA
ERGUIN kalea, 11 Arrasate
URBITARTE AUZUNEA, 3 Azpeitia
KALE NAGUSIA, 16 Beasain
ZIRIACO AGIRRE kalea, 4 Eibar
BITERI kalea, 16 Errenteria
BITERI kalea, 9 Errenteria
LUIS MARIANO kalea, 4 Irun
SERRANO ANGUITA kalea, 1 Donostia
LARRATXO Pasealekua, 98 BEHEA Donostia
SECUNDINO ESNAOLA kalea, 21 Donostia
URBIETA kalea, 33 Donostia
LEGAZPI kalea, 7 Donostia
PIO XII Plaza, 5 Donostia
KORREO kalea, 2 Tolosa
LABEAGA kalea, 60 Urretxu
BIZKAIA kalea, 41 Zarautz

Oharra: zentroen zerrenda autonomia-erkidegoka kontsultatu nahi izanez gero, sartu webgune honetan: www.cruzroja.es/vih

Zergatik komeni da GIB proba egitea?

Pertsona desberdinekin sexu-harremanak dituen pertsona bati urtean behin gutxienez proba egiteko ohitura horri eutsi diezaiola gomendatzea ez dago alferrik. Arrisku-jarduerarik izan ez badu ere.

Kontuan izan behar duzu gure ingurunean GIB duten pertsonen % 25etik 33ra bitartean (azterketa batzuen arabera) ez dakitela hori dutenik.

GIB duzula baldin badakizu eta tratamenduan baldin bazaude, beste pertsona bati GIB transmititzeko probabilitatea asko murrizten da, eta horrenbestez, zenbat eta lehenago jakin, hobe zuretzat eta gainerakoentzat (Ikus: karga biral hautemanezina).

Zenbat eta lehenago jakin GIB+ zarela, hobeto kontrolatuko dituzu zure defentsak eta hobeto indarberrituko zara, zahartzarora iristean zure organismoak izango duen egoera orokorra hobetuz. Kontuan izan GIB/hiesaren aurkako borrokan aurrerapen handiak egin diren arren eta botikak hain toxikoak ez diren arren, urteek eta tratamenduak aurrera egin ahala organismoak zahartze-prozesu goiztiarra jasango duela. Beraz, orain hartzen duzun edozein neurrik eragin bat izan dezake epe luzera.

Arrisku-jarduera izan ondoren itxoin egin behar dut GIB testa egin aurretik?

Galdera horren erantzuna bai eta ez da, aldi berean.

Bai, itxoin beharra izan dezakezu, beste atal batean adierazi dugun moduan, testak antigorputzen presentzia hautematen duelako eta horiek ez direlako kopuru nahikoan sortzen, gutxienez 3 hilabeteko “serobihurketa-aldia” igaro arte. Eta bai, zure osasuna berehalako arriskuan ez dagoenez gero, denboratxo bat hartu beharko zenuke lasaitzeko eta informazioa jasotzeko, oraindik jaso ez baduzu, GIBari buruz eta horren ondorioei buruz.

Eta ez zenuke itxoin beharko, zeren eta, proba hori % 100ean segurua ez bada ere, emaitza positiboa izan baitezakezu (gainera, GIBaren testak antigenoak ere hautematen ditu, baina proba hori ez da hain zehatza). Eta garrantzitsuena, oso baliagarria izan daiteke zuretzat eta zure medikuarentzat proba baten emaitza lehenbailehen jakitea, negatiboa izan arren, eta serobihurketa-aldia igaro ondoren errepikatzea.

Transmisioaren unea noiz izan den ziur jakitea oso baliagarria izan daiteke zure medikuarentzat laguntzeko, etorkizunean egin ditzakezun kontroletan adierazleetako batzuk interpretatu ahal izateko. Era berean, izandako arrisku-jokabide hori eta norekin izan dugun identifikatzea ere oso baliagarria da.

Kontuan izan Espainian GIB duten pertsonen % 25-33 inguruk ez dakiela hori duenik.

GEHITUk gomendatzen dizu ez dezazula egun batzuk baino gehiago itxoin, lasaitu zaitezela, informazioa bildu dezazula eta proba egitera joan zaitezela. Eta proba egingo dizun pertsonari galdera horiek egin diezazkiozula, hark argitu diezazkizun.

Osasuntsu egon gaitezke eta GIB eduki?

Bai, osasuntsu egon gaitezke eta, aldi berean, zure organismoan giza immunoeskasiaren birusa eduki. Urte hauetan farmakologia mailan erdietsitako arrakasta horretan datza, hain zuzen ere. Birusa duen pertsonaren sistema immunologikoan birusak ahalik eta eraginik txikiena izatea eta horren kopia kopurua hautemate mailaren azpitik mantentzea (Ikus: karga biral hautemanezina). Era horretan, birusa transmititzeko aukerak gutxitzeaz gain, GIB duen pertsonaren defentsak egoera onean edukitzea eta, beraz, hark ere osasun-egoera ona edukitzea lortuko dugu.

Zer egin dezaket nire sexu-harremanetan preserbatiboa hausten baldin bazait?

Transmisio-aukera badagoen neurtzeko, kontuan hartu behar da zenbat eta denbora gehiago egin babesik gabe, orduan eta kutsatzeko aukera handiagoa dagoela.

Arrisku txikiren bat badagoela uste izanez gero, une horretan bertan EOP delakoa (esposizioaren osteko profilaxia) eskatu daiteke Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuan, betiere sexu-harremana izan eta hurrengo 72 orduen barruan (espezialista batzuek uste dute aipatutako EOP hori 4 ordu baino lehen egin behar dela). Birusa gorputzean sartzeko arrisku horri aurre egitearren, birusaren erreplikazioa eragozteko erabiltzen den botika hartu beharko genuke 4 edo 6 astez. Ezin da ahaztu botika horrek toxikotasun handia duela. Aukera horretara jotzen ez badugu, infekzioari buruzko zalantzak uxatzeko modu bakarra proba egin aurretik hiru hilabete itxoitea izango litzateke. Epe hori behar izaten dute GIBari aurre egiteko eratzen diren antigorputzek agertzeko, eta probak ere epe hori behar du, beraz, infekzio bat sortu den diagnostikatzeko.

Preserbatiboa etorkizunean hautsi dadila eragozteko, garrantzitsua da jakitea horrelako gertaerak zergati hauen ondorio izaten direla:

- Leku ezegokia gordetu da: eskularru-kutzan beroarekin adibidez

- Preserbatiboa iraungita dago: erabili aurretik, data egiaztatu.

- Kalitate txarrekoa da: konfiantzazko establezimenduetan erosi.

- Gaizki jarria dago: gogoratu, jartzean, preserbatiboaren puntan dagoen semen-hutsunea zapaldu behar dela, kondoia haustea erraztu dezaketen aire-poltsak sor ez daitezen.

- Lubrifikatzaile desegokia erabili da. Beharrezkoa da uretan disolbagarria den lubrifikatzailea erabiltzea, eta gantzatsuak edo olioak baztertzea, esate baterako baselina.

Nola gertatzen da GIBaren transmisioa?

Hori ulertzen lagunduko digun irudi batez baliatuko gara. Imajina dezagun hiru erpin dituen triangelu bat:
1- GIBaren presentzia
2- Transmisio-bide batekin zuzeneko kontaktua edukitzea: semena, odola, baginako fluxua, amaren esnea. 3- Organismoan “sartzeko ate” bat egotea: zauria.

Bada: infekzio bat sortzeko, triangeluaren HIRU ERPINAK bete behar dira.

1 eta 3 erpinak ez dira errazak kontrolatzen, beti ezin dugulako jakin GIB duen pertsona baten aurrean gauden edo lesio txiki batzuk dauden, are tamaina mikroskopikoa dutenak, gure kontroletik kanpo egon daitezkeenak.

Alde horretatik, PRESERBATIBOAK BEREBIZIKO eginkizuna betetzen du. Eta hori horrela da, alde batetik, transmisio-bide gisa jokatzen duten substantziekin kontaktuan egotea eragozten duelako eta, beste alde batetik, GIB gure organismoan sar dadila eragozteko hesi gisa jokatzen duelako.

Beraz... gogora ezazu beti PRESERBATIBOA zuzen erabiltzea dela Sexu Transmisioko Infekzioak (STI) prebenitzeko orduan neurririk eraginkorrena. Ez GIB bakarrik.

Nola transmititzen da GIB?

GIB, batzuk uste dutenaren kontra, ez da erraz transmititzen, organismotik kanpo ezinezkoa duelako bizirik irautea. Transmisioa gertatzeko, gorputzeko fluxu jakin batzuk batak besteari trukatu behar dizkiogu:
- Odola
- Semena
- Baginako fluxua
- Amaren esnea

Eta gainera, infekzioa gertatzeko karga biral nahikoa eduki behar dute horiek.

Nola egin aurre GIBari?

Gaur egun dugun txerto bakarra PREBENTZIOA da. GIB duen pertsona baten odolarekin, semenarekin edo baginako fluxuekin zuzeneko kontakturik ez edukitzen ahalegindu behar dugu. Hori honela lor daiteke:

- Ziztadarik egin dezakeen gauzarik ez trukatuz: xiringak, orratzak, bizar-aitzurrak.

- Sarketarik gabeko sexu-jarduerak izanik, edo uzki nahiz baginako sarketa duten sexu-harremanetan preserbatiboa egoki erabiliz, baita felazioetan ere, ahoan eiakulatzea eragin badezake. Cunilingus eta musu beltza egiteko latexezko hesiak erabil daitezke, hala nola erditik ebakitako preserbatibo bat edo elikagaiak biltzeko plastikoa.

- GIBarekin bizi izan eta haurdun egonez gero, garrantzitsua da kontrol ginekologiko egokia eramatea eta dagoen medikazioa hartzeko aukera aurreikustea, transmisio bertikala eragoztearren (amarengandik seme-alabarengana).

Esposizioaren aurreko Tratamendurik badago?

Azken urte hauetan, esposizio aurreko tratamendu bat badagoela aipatzen ari dira. GIBarentzako bi botiken konbinazioa da Truvada® (tenofovir eta emtricitabina), eta GIB ez duten baina arrisku-jarduerekin ohikoa kontaktua duten pertsona batzuek erabiltzen dute horren transmisioa eragozteko.

Kostu ekonomiko handia duen tratamendu bat da, eta eragin handia du hartzen duenaren organismoan. Ez litzateke inola ere medikuaren gainbegiradarik gabe hartu behar, kontuan izanik gainera GIBaren tratamendurekiko erresistentziak sor ditzakeela azkenik transmisio bat gertatzen den kasuan.

Sarketa arrisku-jarduera bat da?

Zalantzarik gabe, sarketa, uzki-sarketa izan nahiz bagina-sarketa izan, arrisku gehien duen jardueretako bat da. Sarketa izan duen pertsonarentzat handiagoa bada ere, sarketa egiten duen pertsonarentzat ere arriskua dago. BETI PRESERBATIBOA ERABILTZEA gomendatzen da, sarketa hasten den unetik amaitzen den arte. Arazorik gerta ez dadin, beharrezkoa da preserbatiboa egoki erabiltzea eta, hala egokituz gero, lubrifikatzaileak HIDRODISOLBAGARRIAK izatea.

Felazioa (aho-sexua) arrisku-jarduera bat da?

Aho-sexua ez da GIBaren ohiko transmisio-bide bat, orain berriki egindako azterketen arabera. Egia da oso zaila dela aho-sexuan GIBaren transmisio-arriskua zehaztasunez neurtzea, transmisioa jarduera horren bitartez bakarrik gerta zitekeela ziur dauden pertsonak identifikatzera behartzen gaituelako eta, sarri askotan, pertsonek ez dutelako egiarik kontatu nahi, egiten duten sexuaren inguruan. Egia da ahoko sexu-harremanak dituztenek gehienetan beste sexu-jarduera batzuetan ere egiten dutela topaketa berean.

Gainera, gaur egungo medikazioarekin, frogatua dago erretrobirusen aurkako terapia (EBAT) etengabe eta zuzen jasotzen ari den pertsona GIBdun batek, karga biral hautemanezina izanez gero, bere sexu-bikoteari birusa transmititzeko aukera nabarmen murrizten dela, bikotekidea aldizkakoa izan edo iraunkorra izan.

Aho-sexuan GIBaren arriskua gaur egun, horrenbestez eta baldintza orokorretan, hutsaren hurrengoa da, nahiz eta bost egoera dauden, arriskua eragin dezaketenak, txikia izanagatik ere:
- Ahoko ultzerak.
- Entzietako odol-jarioa, eta horrexegatik, sexua egin aurretik, ez da gomendatzen hortzak garbitzea edo hortzetako haria edo hortzen arteko eskuilak erabiltzea.
- Sexu-organoetako zauriak.
- Sexu-transmisioko beste gaixotasun batzuk (STI).
- Eiakulatzea (zakila miazkatzen duen pertsonarentzat arriskua dakarrelako). Arrazoi horiengatik, ahoko sexu-harremanak baldin badituzu, gomendagarria da:
- Zure bikotekideak zure ahoan ez eiakulatzea.
- Hesiak erabiltzea, esate baterako lubrifikatu gabeko kondoiak, goma naturalezko latexezko xaflak, hortzetako dikeak edo lubrifikatu gabeko kondoi ebakiak zure ahoaren eta zure bikotekidearen genitalen edo uzkiaren artean.

Gogora ezazu, GIBaz gain, ahoko sexu-harremanen bitartez beste organismo batzuk ere transmititu daitezkeela: herpesa, sifilisa, gonokozia, genitaletako garatxoak (giza papilomaren birusa edo GPB), hesteetako parasitoak (amebiasia) edo A, B edo C hepatitisagatiko infekzioa.

Gonorrea eta klamidiosiagatiko infekzio gehienetarako bide nagusia kondoirik erabili gabe norbaiti zakila miazkatzea edo norbaitek zuri miazkatzea da, eta sifilis kasuetan ere oso ohikoa izaten da. Sexu-transmisioko infekzioak etengabe ugaritzen ari dira. Kasu askotan, eragindako gizonek ez dute sintomarik erakusten.

Emakume bati cunnilingus egiteak ere gonorrea, klamidiasia eta sifilisa kutsatzeko arriskua du hori egiten duenarentzat, baina infekzio-arriskua aho-zakil erako sexuan baino txikiagoa da.

Musu beltzak (uzkia miazkatzea edo mihia uzkitik sartzea) sifilisa, B hepatitisa eta A hepatitisa kutsatzeko arrisku handia du, gorozki-hondakinekin kontaktua errazten duelako.

Gogora ezazu A eta B hepatitisaren aurka babesten gaituzten txerto eraginkorrak badaudela, baita giza papilomaren birusagatiko (GPB) infekzioen aurkakoak ere.

Zer da erretrobirusen aurkako terapia?

Birusa gorputzaren barruan erreplikatzeko mekanismoak eragotziz edo blokeatuz funtzionatzen dute erretrobirusen aurkako terapiek. Era horretan, karga biral hautemanezina edukitzea lortzen da kasu gehienetan.

Erretrobirusen aurkako terapia gisa tratamendu asko daude gaur egun. Xehetasun gehiago ezagutu nahi baduzu, galde iezaiozu zure medikuari. Tratamendu guztiak ez dira berdin egokitzen pertsona guztietara eta birusaren andui guztietara. Hori gertatzen da tratamenduak ez direlako zorrotz-zorrotz betetzen. Birusek terapia hauekiko erresistentziak sor eta botikak ezin erabil ditzaketelako . Horrexegatik, atxikidurak, alegia, botikak medikuak agindutako moduan eta epean hartzeak, BEREBIZIKO GARRANTZIA du infekzioaren garapena kontrolatzeko orduan.

Gainera, beti gogoan izan GIBagatiko tratamenduan egon arren, beti berrinfektatu zaitezkeela beste andui batekin, eta tratamendu eraginkor bat erdiesteko dituzun aukerak gutxitzen eta ezabatzen joan daitezkeela.

Zer esan nahi du karga biral hautemanezinak?

GIB duten pertsonei medikuek kontrolatzen dizkieten parametro ugarietako bat haien karga birala da. Alegia, odolean dagoen birus kopien kopurua. Zure odolean zenbat eta birus kopia gutxiago egon orduan eta txikiagoa izango da haren eragina, zure babesak mina egiteko eta beste pertsonari transmititzeko. Hori ona da, batez ere bi arrazoirengatik.

a) GIB duen pertsona batekin fluidoak transmititzeagatik GIB transmititzeko dauden aukerak asko murrizten dira, eta arrisku gutxieneko jardueretan ia desagertu egiten dira.

b) Birusak ez ditu zure defentsak horrenbeste “hondatuko”, eta zure sistema immunologikoak normaltasun osoz jokatuko du.

Epe luzera zer eragin du GIB edukitzeak?

Gaur egun, aurrerapen handiak egin dira GIB/hiesaren tratamenduetan eta erabilitako medikamentuen toxikotasunean.

Bigaren mailako ondoriorik ezagunena lipodistrofia deiturikoa da, eta horrek eraginda, gorputzeko gantza ez da berdin banatzen toki guztietara, eta bereziki deigarria da (eta dramatikoa, pertsona hauentzat) aurpegian. Zorionez, GIBaren aurkako egungo medikamentuak erabiltzeak dituzten kanpo-ondorioak ez dira hain larriak. Baina kontuan hartu behar duzu tratamenduaren arabera eta pertsonen arabera beste ondorio maltzur batzuk izan ditzakeela beste organo batzuetan eta gorputzaren funtzioetan.

Edonola ere, eta GIBarekin bizitzen denbora-tarte luzea egin ondoren ,gero eta gehiago dira GIBarekin normaltasunez zahartzen direnak, ondorio nagusiak zahartze goiztiarrarekin loturikoak dira.

Horren ondorioz, adin gazteagoan gaixotasun batzuk garatzeko probabilitate handiagoa izaten dute, hala nola oroimenaren galera, kardiopatiak edo osteoporosia.

GIBarekin zahartzea oso albiste ona da, baina egoera berri guztiek bezalaxe, oraindik erantzuna ez daukaten galdera eta zalantza ugari dakartza berarekin.