IRITZIA - OPINIÓN Gay eta lesbianak: jalgi zaitezte plazara - Iñigo Lamarca Iturbe EAEko Arartekoa

el .

Robbie Rogers futbolariak arestian plazaratu du bere blogaren bidez homosexuala dela. Leeds United taldean jardun duen jokalari estatubatuar honek futbolean aritzeari utzi egin dio eta orduan irten da armairutik. Joan den mendeko larogeigarren hamarkadaren bukaeran Wilson Oliver futbolari uruguaitarrak bere orientazio homosexuala ez zuen ezkutatu. Futbola utzi behar izan zuen. 1990.ean Justin Fashanu jokalari ingles ospetsuak gay zela aldarrikatu zuen. Harrez geroztik kalbario latza sufritu zuen. 37 urterekin bere burua hil zuen. Jodie Foster aktoreak azken Urrezko Globoen ospakizunean eman zuen jakitera publikoki lesbiana dela. Erantsi zuen inoiz ez dela ezkutuan bizitu baina azken aldian zenbait aktore lesbiana eta gayek egin duten bezala berak ere jendaurrean esan nahi zuela bere sexu orientazioa ez dela…

…Ez dela normala esango zuketen gehien gehienek orain dela urte gutxira arte Euskadin; eta oraindik ere hainbat eta hainbatek horrela pentsatzen eta hitz egiten du. Orientazio homosexuala edo bisexuala duten gizon-emakumeek euren askatasuna, duintasuna eta berdintasuna behar bezala bermaturik izango dute gizartean hori heterosexual izatea bezain normaltzat ikusten denean. Hori egiaztatu ahal izango dugu lesbiana edo gay direnak ez dutenean beren burua behartuta sentituko armairutik ateratzeko. Armairua ez dute persona lgtb-ek sortu, gizarte arau homofobo baztertzaileek baizik. Milaka eta milaka pertsona homosexualek ezkutatu behar izan dute beren sexuafektibitatea familian, lanean, lagun artean e.a. Oraindik, gaur eta hemen, ezagutzen ditut majina bat kasu.

Normaltasunez bizitzea gehien kostatzen den eremua lanarena da. Ez gara jabetzen horrek norberaren autoestimuan, animoan eta lan produktibitatean ondorio oso negatiboak dituela. Ikerketa bat egin zen duela urte batzuk Madrileko Coslada udalerrian horri buruz: emaitzak oso kezkagarriak eta esanguratsuak izan ziren. Nerabeen artean ere asko eta asko ez dira, gaur eta hemen, normaltasunez biritzera ausartzen, elementu edo faktore homofoboak edo errespetu gutxikoak nabaritzen dituztelako inguruan. Arartekoaren balioei buruzko ikerlan batek azaldu zuen gure neska-mutilen %15ek, gutxi gora behera, jarrera eta ideia homofoboak dituztela. Testuinguru horretan bat baino gehiago armairuan ezkutatzen da, hamaika giltzaren pean. Zalantzarik ez dago horrek eragin oso txarrak dituela egoera hori pairatzen duen neska-mutilaren hainbat alorretan: bere garapen pertsonalean, bere osasun psikologikoan, bere ikasketetan, bere autoestimuan… Lan izugarria dago oraindik egiteko orientazio homosexuala edo bisexuala duten neska-mutilek eta gizon-emakumeek berdirtasunean eta errespetuan oinarritutako behar bezalako gizarte kondizio normalak izan ditzaten lortze aldera.

Iñigo Lamarca Iturbe EAEko Arartekoa