BAI-YES. Zaharrak berri. Itxaro Borda

el .

Jadanik zahartzen dira LGBT jendeak. Agerian, Europako hainbat herrialdeetan bederen. Elkarrekin bizitzeko eta haurrak edukitzeko eskubideak borroka luzeaz eskuratu zituzten. 1980ko hamarkadako IHES eritasun garra-tzaren erasoetatik salbu ateratakoek iraute eta oldartze ezberdinen istorioa kontatu dezakete.
    
Gaur egun pertsona arruntak dira ezagutzen ditugun gay eta lesbiana gehienak. Lanean dabiltza, bestak egiten dituzte, umeak eskolan hartzen eta adinean joan arau, besteekin batera jartzen dira eguzkitan Aturri hegiko banku publiko beilegietan.

Normaltasun horrek ez digu ahantz erazi behar ez hain aspaldi tante edo folle pertsonaiak eragiten zituen irri zaparta ahalke gabeak. La Cage aux folles filmeko Renato eta Alban adibide. Zaharrak, libreak eta gainera neurri batean dirudunak biak. 1978an bildu zuen bere lan arrakastatsua Edouard Molinaro frantsesak, Jean Poiret antzezlearen zenarioa ardatz. Aktoreen zeregina erraldoia suertatu zen kabaret eta homosexuala transbeztituen giroa sentimenduz apaintzeko.

Mary Radclyffe-Hall (1880-1943) ingeles idazleak sortu zuen gure belaunaldiek butch errango genukeen lesbiana hiper maskulinoaren irudia Bakartasunaren Putzua izeneko nobela ederrean. Eleberriaren bukaera aldera ikusten da Stephen Gordon bakartasunik latzenean zahartzen. Karrikan gurutzatzen dutenek trufaz agurtzen dute: “Ikusi duzu labur-labur moztu ileekiko emazte xahar bitxi hori? (…) Barregarria da ezta? Xingola hits ba, egiazko ttattar baten ordez, zergatik ote? (…) Uste dut Emakume Berria deitzen genituenetatik bat dela, ihardetsi zion galtzekiko neskak, kapa azpian karkaraz lehertuz. Bidea ireki digu, kuttuna, dagoeneko atzean nagi-tzen doazen aitzindari haietarik bat da. Nire antzekoak baldin badira naski, bera lehena izan zelako da”.

Erretirora osasunean iritsi LGBT kideak gutiziaz begiratzen dio munduari. Sexuaren alorrean, ohartzen gara, oso gazterik zaharrak bihurtu gaitezkeela, bereziki harremanaren kanonari egokitzen ez baldin bagagozkio. The L World telesaileko atalen batean The Planet tabernako bezero lesbiana zahar baten tragedia begi-bistan eduki genuen: martxa, ekintza eta ligatzea ukatzen zitzaion, ez besteek nahi ez zutelako, baizik eta harenganako desiorik nehork ez zuelako.

Bakartasuna denentzat da dorpea. Zahartzaroan areago. Horregatik agian garrantzitsuak dira LGBT elkarteak, adinean joanago eta kartetan, mendi ibilaldietan edo hausnar taldeetan parte hartzen jarraitzeko.

Lacan jakintsuak zioen nehoiz ez zitzaiola desioari amor eman behar.

Itxaro Borda