GAZTEGEHITU - Zure hitzak zaindu GTB fobiaren aurkako erakusketa. Juan Ramón San Sebastián

el .

Aurtengo maiatzak 17an 1990ko maiatzaren 17an Nazioarteko Osasun Erakundearen Asanblada Orokorrak homosexualitatea gaixotasun psikologikoen zerrendatik ezabatu zuela 25 urte pasa direla ospatzen da eta horren omenez, gehituko gazte arloak modu desinteresatuan LGTBfobiaren aurka borroka egin nahi duen Gipuzkoako pertsona talde batekin batera argazki erakusketa batean lagundu du. Zure hitzak zaindu titulupean eginiko erakusketa hau Lander Rezola argazkilari beasaindarraren laguntzari esker atera da aurrera, 2015eko neguan zehar gauzatua izan delarik. Bertan LGTB munduko estereotipo eta mito txarrekin amaitu nahi izan da, horretarako gizarteko esaldi errotuez baliatuz. Erakusketaren berezitasuna bere zabalkuntzan oinarritu nahi izan da, erakusketa fisikoaz gain, mundu birtualaz baliatuz eta eskura ditugun baliabideak geureganatuz, esposizioa beste herrialde, elkarte eta pertsonengana zabaldu nahi da.
 
Bereziki honako proiektu hau egitera bultzatu gaituena gizartean oraindik txertatua dagoen homofobia tasa altua da. Gehituk ikasturtero Eusko Jaurlaritzako Berdindu zerbitzuaren bitartez Euskal Herrian ematen diren homofobia tasak eta aniztasun afektibo-sexularekiko ikastetxeetan ematen den jarrera aztertzen du. Bereziki harrigarriak dira ematen diren homofobia tasa altuak. Konkretuki, 2013-2014 ikasturtean Gipuzkoako ikastetxeetan inkestaturiko ikasleen %21ek tratu txar fisikoak ikusi edo entzun zituzten eta %3ak jaso. Irainak berriz %70 ikusi edo entzun zituzten eta %4ak jaso. Horrelako datu deigarrien aurrean LGTB kolektiboaren alde asko egiteko dagoela ondoriozta daiteke, ez bakarrik ikastetxeetan , baizik eta gizarte guztian hedaturiko arazo dela, kasu gehienetan informazio faltaren ondorioz osatutako aurreiritzi okerrez osaturik.

Horrela, erakusketa honetan Lesbiana, Gai eta bisexualaren paperak azpimarratzen dira eta hauek eskuetan duten arbelean beraien bizitza afektibo-sexualaren inguruko estereotipo, zurrumurru eta aurreiritziak idatziak agertzen dira batetik. Hauek jendearen ezjakintasuna adierazi nahi dute eta bestetik hauen krudelkeriaren indarra ere azpimarratu nahi da, beti ere, iraindu senti daitekeena (arbela eusten duten pertsonak) jarrera pasibo batean ezarriz ,eta hau minaren bortizkeriaren errefortzu moduan erabiliz.
Erakusketa berak, bestetik, aipaturiko estereotipo, zurrumurru eta aurreiritziei aurre egiten ausartzen da. Horretarako lehen erabilitako pertsonai berak erabiltzen dira(homosexual, bisexual eta heterosexualak boluntarioak), jarrera pasiboan ere, baina honakoan modu ausartiago batean beraiek barruan duten iritzia plasmatzen dute arbelean, honek aurreko argudioa behera bota eta benetako errealitatea erakusteko asmoa islatzen duelarik.

Ez da harritzekoa Jonah Mowry gaztea kaliforniarraren “Whats goin on…” bideoarekin izan ditzaken parekotasunak, izan ere, oso ikus-entzunezko lan gutxik izan dute horrenbesteko eragina sarean, eta eragin eta indar berberaz baliatu nahi izan da gure mezuak helarazteko. Hauek ez dituzte banakoen ikuspuntu pertsonalak plasmatzen soilik, gizarte bateko errebindikazio eta pentsamoldearen isla izateko asmoa adierazi nahi delarik.

Azkenik, aipatzekoa da, erakusketa honen hel-burua ez dela inondik inora ere ikuslea konbentzitu nahi izatea, baizik eta gure bizipen eta ikuspuntuaren bitartez ikuslea hausnarketa momentu batera gonbidatzea eta horren zigortua izan den LGTB talde hau kontuan hartzea, baita eguneroko bizitzan hauengana izaten den jarrera eta keinu txikiak birplanteatzera gonbidatzea.

Hau horrela, eta gure aldetik lanaren zatia amaitutzat emanda www.gehitu.org orrialdean erakusketa ikustera gonbidatzen zaituztegu ,eta amaitzearren, artikulu honen bidez ere erakusketa hau egitera ausartu diren pertsona guztiei (bai homosexual, bisexual edo eta heterosexualak izanda ere) beren jarrera eta laguntza eskertu nahi diegu, LGTB kolektiboaren barnetik edo kanpotik, izan duten bizipenen aurrean keinu honen bidez gizartearen jarrera aldatzen saiatu direlako.

Juan Ramón San Sebastián
Argazkiak: Lander Rezola