PRENTSA ALDIZKARIA REVISTA DE PRENSA. Donostia gay

el .

DEIA- Zirrikituetatik begira– 2013-08-10
Donostia gay
Juanjo Olasagarre
GAUR goizean zutabe hau idazten paratu naizela ohartu naiz, irakurle, nire azkeneko sermoi -barkatu- hauek homosexualitateari dagozkion arazo politiko estrategikoei buruz izan direla; hori munduaren ehuneko ikaragarri handi bat
heterosexuala dela kontuan izan gabe; falta ikaragarria,
baina zer eginen zaio...

ETBko berriak zera dio: Zinemaldia eta bertan Gehitu elkarteak antolatzen dituen ekitaldien harira gay turismoa bultzatzen saiatuko da Donostiako Udala kolektibo horrek duen
eroste-ahalmen handia kontuan izanik. Zinemaldirako eta
Gehituk bertan antolatzen duen festarako sarrerak eta bi hotel gau da eskaintza. 177 euro, hotelik merkeena harturik.

Onartu behar dut berria entzun bezain laster erresumindu naizela: zer ote gara marika eta bollera guztiak aberats? Berehala etorri zait irudia gogora: bi gay ziklatu -giharrak handitzeko testosterona zikloengatik deitzen zaie horrela- galtza mo-tzak, Fred Perry poloa, telebista pantaila adinako eguzki anteojuak eta Zinemaldiaren harira banantzen dituzten poltsa horiek
zintzilik, Donostiyan atzera aurrera muturra zorrozturik.

Aspaldi da gaytasuna kontsumoarekin loturiko marka bat bihurtu dela. Double income no kids, alegia, soldata bikoitza umerik ez, eroste ahalmen handia. Beraz Izagirreren
taldearen proposamena areago dagokio kapitalismoaren lege zurrunei -zergatik ez dituzte marika eta bollera pobreak konbidatzen?- ezen ez elkartasun eta homosexualitatea
afera politiko bihurtzeko ahaleginari.

Harrigarria bere burua ezker-ezkerrekotzat duen talde bati dagokionez. Gehituri dagokionez errespetu guztia zor badiet ere onartu beharko didazue ez dela munduko talderik
iraultzaileena, edo homosexualitatea arma gisa erabilirik
gizartea errotik zalantzan paratzen duena.
Gainera Donostiyak ez dauka gizon gayok -berriz ere estereotipoa- gure turismoa aurrera eraman ahal izateko -lan nekeza nekezik bada- ekipamendu gehiegirik. Ez izateagatik ez du gela ilun bakarra ere. Beharbada lehendabiziko Gela Ilun Munizipala sor dezakete, Gehituk kudeatu eta
Udaltzaingoak zaindua. Orduan beharbada...