28 urte luze. Josu Imanol Unanue Astoreka

el .

Egutegi bat hartu eta berehala konturatu naiz, 28 urte daramatela GIB/Hiesarekin
bizitzen.  Atunontzi batean, Afrikako itsasoan lanean nengoela, hartu nuen berria; oraindino  izen gabeko birus arraro bat neukan, eta bizi iraupena urte bikoa izango zela  esan zidan mediku batek. Egun horretan apurtu zitzaizkidan, nituen gaztetako ilusio guztiak eta  erabateko aldaketa hasi zen nire bizitzan!

Ordutik hona,  urte guzti hauek bizirik iraun ditut, oso bizirik gainera. Esan dezaket, ondo aprobetxatua daukadala nire bizia, egin dudan guztiarekin. Gib/Hiesarekin bizi naiz, bai, baina ez diot beldurrik. Arraroa iruditu arren, nire ustez, beldurrik handiena bizitzeari diogu, inoiz jakin ez dakigulako nolakoa izango zen etorkizuna, eta bizi planak, bizi “osorako” izaten dira, eta inoiz ez, unean unekoak gozatzeko.

28 urte luze hauetan, maite ditudan guztiekin lagun naiz. Nik dakidala, ez daukat inorekin zorrik, esan behar nituenak esanda dauzkat eta gainera, guztiz errespetatua eta maitatua sentitzen naiz. Halere, minik egin badiot inoiz inori, barka nazala.

Baina 28 urte hauetako eguneroko borroka ez da izan hain erraza. Hasieratik birus bati baino  beldur gehiago  izan nion jendeari eta haien esanei. Geroxeago ohartu nintzen horretaz, nire beldurren kontra borrokatzen hasi nintzenean. Nire arazoa ni neu nintzala. Ez neukan argi, zer nahi nuen egin, zelan bizi, norekin... azken finean, ez nuen gura konplikaziorik. Eta bizia hori da, konpromisoa... Baina hau nire iritzia da eta batek daki egia den edo ez, gainera ez dauka lebarik.

Birus arraro batekin egon eta herri  txiki batean bizitzeak ere, bere mugak jartzen ditu.  Baina, herri txikiek ere bere abantailak izaten dituzte, hurbilagoak gara, familiarragoak, bata bestearenarekin bizi gara. Eta guztiok ohartzen gara aldaketa txikiak daudenean, horregatik sarri, birgogoratzen ditugu urteetan zehar gertatutakoak. Hau da, horretarako momentua.

Orain ia 30 urte, gazte asko ibiltzen zen drogen kontsumoan sartuta eta herriko ia 17.000 biztanletik, ehunka lagun ziren heroina hartzen zutenak ia egunero, normaltasun osoz. Ez ziren gaur egunean uste den gisa, hain “baztertuak”. Gehienak itsasoan lan egiten zuten. Gainera garai hartan itsasoak asko ematen  zuen eta arrantzale haiek asko irabazten zuten. Ez zeukaten baztertuak izateko inongo beharrik. Are gehiago, herrira etortzerakoan, kontsumitzen zituzten drogak, gero zerbait eraman itsasora joaterakoan, eta hura amaitzerakoan, “monoa” edo abstinentzia pasatu,  eta ez zuten gehiago kontsumitzen herrira itzuli arte berriro. Beraien erru bakarra, errurik badago bilatzeko,  xiringak elkartrukatzea izan zen. Ez zegoelako zelan lortu,  ez ziren herriko hiru botiketan banatzen ezta saltzen. Xiringak gaixoentzako bakarrik  ziren eta ez “osasuntsuak” ziren gazte haientzat.


Gure herrian ere, eta datuen arabera ehunka ziren/ginen homosexualak, eta ez genuen gure sexualitatea publiko egiten. Guztiek bezala,  ez genuen kondoirik erabiltzen, gure harremanetan. Eta guztiok ginen baita “osasuntsuak”.

Baina zorionez, gizakiok ez gara kolektiboetan sailkatzen, ezta ere funtzionatzen. Gizakiok mota guztietako harremanak izaten ditugu egunero, ohiturak ere aldatzen ditugu, eta horrela, gaur batek zeukana, bihar besteak dauka, gaur modu baten dabilena, bihar beste modura batera dabil…  pentsa ezina da, gaurko norberaren bizimodua, betirako berdina izatea. Pentsaezina zen baita, egunen batean  gaixo berriren bat  etorriko zela eta gure altxor preziatuenak kaltetu, gazteria eta bizia bera.

Ez dakit nondik norakoak izan ziren kolektibo baten eta besteen arteko harremanak, edo zerk izan zuen garrantzi handiagoa elkar kutsatzerakoan, xiringak edo kondoiak eskura ez izatea? Ez zait axola. Ez dakit ezta, nondik
norakoak bizi izan ditugun garai hartan gure herrian, baina egun baten hasi ziren euri ttanttak bezala, lagunak erortzen. Gure kaleko mutilik erakargarriena hil zen lehenengo, bere familiaren esanetan, minbiziarekin izan zen, gero, beranduago, jakin genuen, gaixo berri madarikatuak eroan zuela 18 urterekin.  Garai hartakoa naiz ni ere, 26 urte nituenean jakin nuen berria, nik ere haien modura “zerbait” neukan, birus txikia baina txarra, nire medikuaren esanetan.

Izen gabeko egunetan hil ziren asko eta asko, aste batean zazpi lagun ere. Familia batzuetan seme-alaba guztiak. Garai hartan hasi ziren pentsatzen Bermeon gertatzen zena droga kontsumoagatik zela. Niretzat sasoi gogorrena izan zen, beldurgarria, iluna. Ez nintzen ni talde hartakoa, ez neukan nire burua inongo taldekotzat, ni arrantzalea, bermeotarra, Haydee eta Jesusen semea nintzen eta kitto!

Eta denbora pasa ahala, pentsatu nuen zerbait egin behar zela, gutxienez kaltetuak elkar ezagutu, berba egin, antolatu, zergatik ez mugitu eta borrokatu birus haren kontra, norberaren aurkako mamuen aurka lan egin, zerbait egin. Eta herrian zaila zelakoan hori egitea, Bilbora joan eta Bizkaiko Hiesaren Aurkako batzordean hasi nintzen boluntario gisa. Goizetan irakasle eta arratsalde eta
asteburuetan boluntarioa.

Xiringa eta kondoiak banandu, hitzaldiak eman, ospitaletara hurbildu eta gaixoak zaindu, bakarrik zegoen jendeari lagundu, entzun, berba egin, ikasi...

Ezagutu nuen jendeari esker, hasi nintzen gure herrian ere, talde bat antolatzen, hasieran drogamenpekotasunetik jendea ateratzeko lanak ziren. Baina handik gutxira, pertsona haiek Hiesaren aurkako taldea eratu genuen, denak GIB/Hiesarekin bizi ginelako. Talde horren izena TXO-HIESA izango zen handik aurrera.

Ez noa kontatzera, zenbat lagun pasatu zen talde horretatik, baina esan dezaket, garai baten ia 65 lagun ere izan ginela lanean. 1990an pentsa genituen beste urrats handiago bat eman behar genuela, denok aurpegia eman, anonimotasunetik irtetzeko. Horrela hasi ginen lazo gorriak paparrean eramaten egunero eta
Estatuko Lehenengo Giza-kateak  eta Topaketak antolatzen. Sasoi haietan Ikerketa bati esker jakin genuen ia 300 lagun ginela GIB/HIESAdunak eta hildakoak 100etik gora. Kolektiborik kaltetuena ez zen ez homosexualena, ez droga-kontsumitzaileena, baizik eta “arrantzaleena”. Zer
esanik ez  ikerketa hura ISMko (Instituto Social dela Marina) medikuek egin zituztela, kanpoko irizpideei jarraitu gabe, denetara  97 arrantzale ginen kutsatuak.

Eguneroko lanari esker, lorpen handiak izan ditugu herrian, baina handiena elkartasuna adieraztea. Herri txiki honetan, herritarrak lazo gorriak jartzen zituzten toki guztietan, nire moduko jende guztiari elkartasuna adierazteko.
Beraz, zer esan dezaket Bermeori buruz?
Gutxik dakizkite, Bermeotik lagundu genuela herri askotako auto-laguntza taldeak sortzen, baita Estatuko hainbat talde, eta zelan ez, proiektu berriak lantzen hasi ginela; Itsasoa eta Hiesa, Gazteria, Emakumea eta Hiesa, Topaketak, Txo-Press… eta zer ikusi zuzena daukagula T-4 sortzearekin.

Neurri batean “normalidade” zentzua eraldatzen saiatu ginen eta lortu genuen. Garaileak izan ginen, gure herrian behintzat bai. Guretariko gutxik bizi izan dute bazterketa, eta gaur egun ere, ezagunak gara, hemen “Hiesaduna” izatea ez da ezer berezia.

Zoritxarrez, urte gogorrak izan ziren hasierakoak, batzuk ez dutelako izan inongo aukerarik, nire moduan beraien istorioak kontatzeko. Gure
herrian ia 200 lagun hil dira tita batean. Horren testigu dira Gaztelugatxeko inguruak eta han urtero egiten genuen omenaldi isilak. Han badaude nire lagun minak, itsasoekin dantzatzen. Gu beti itsasoari lotuta!

Nik zorte ona izan dut, eta 28 urte daramazkit bizirik, zoriontsua izaten. Denbora guzti honetan gertatutakoaren lekukoa naiz eta gutxienez urtean behin, abenduaren 1ean,  gure herriko Taraska deitutako irudiari, lehengo ohiturari jarraituta, izara zuria lazo gorriarekin jartzen diot nire lagun haien omenez. Baina baita munduan GIB/Hiesarekin bizi garen guztion aldarrikapenak gogoratzeko.

Ez naiz bakarrik sentitzen, nire senarretik aparte, badauzkat hainbat lagun inguruan. Aurten hain justu, TXO-HIESA bera ere desagertuta dagoenean, hainbat ekintza burutuko ditugu herrian, aspaldiko argazkiak jarriko dira areto batean, zelan ez, borrokaren lekukoak diren poster batzuk eta bideo ezezagunak  ikusi ahal izango dira. Bertan, aspaldiko nire borroka-kideak lanean, pozik, bizirik... izoztutako irudi zoragarriak, gogoratzeko gure garaipena eta lortutako guztia eurei  esker.

Kontzientea naiz, beraiei esker daukadala daukadan guztia. Egun gogoratzen ditut beraien lana inoiz baino gehiago, gizarte hau aldatzeko, ez genuen dirurik ezta mediorik, baina bai ilusioa eta  indarra. Horrela baita lortzen, norberak nahi duen guzti-guztia.

Orain 28 urtetan, beldur nintzen, esateko maite nuela gaur egun nire senarra dena, eta asko kostatuta bada ere, hori ere lortu dut, beraz, esana, zoriontsua naiz eta beste urrats bat eman dut orain urtebete ezkontza “zaratatsu” bat eginez. Esan behar dut baita,  ez naizela damu aurretik izandako guztiarekin, harreman guztiekin. Batak eta besteek eman didatelako behar nuen heldutasuna.

Horrela ba, eskerrak GIb/Hiesari eman didalako behar nuen guztia, lagunak, gogoa eta bizitzeko behar nuen duintasuna.

Josu Imanol Unanue Astoreka
Premio de La Federación Vasca de Asociaciones AntiSida de Euskadi, Euskalsida 2013, en reconocimiento a la  la labor humana, que destaca en la C.A.V. por su implicación en la lucha contra el sida; co-fundador en Euskadi de las ONGs y creador de una de las primeras cadenas humanas celebradas en Bermeo, hace 25 años en el Día Mundial.