BAI-YES. TRANS-ZONE. Itxaro Borda

el .

Zer da gizon bat? Zer da emakume bat?
Joka bideak bereiziak dira ala nahasiak?
Nortasunak hain zohargiak ote diren galdezka dabiltza asko hondar urteotan. Queer hitzak jagoitik izendatzen eta biltzen ditu Judit Butler-ek behin handizki aztertu genero uhertasunaren araberako sexu joera ezberdinak.

Transexualek eta trabestiek eraman dute denboran zehar sexu-askapenerako mugimendua aspalditik. 1969ko ekaina bukaera hartan, New Yorkeko Christopher Street hertsiko Stonewall tabernako pataskan zeuden adibidez eta hor dira, erregina erraldoi, edozein pride manifestaldi koloretsuren eder eta alaigarri. Borroka guztien memoria ekartzen digute gorputzean txertaturik, gorputza, hain zuzen, esperientzia eta pairamen guztien aragoa delarik. Arriskua benetakoa da ordea: gizon irudiko emazteak direlako, eta alderantziz, krimen homofoboak kunplitzen dira han edo hemen.   

Zalantza izugarriaren aztarnak aurkitzen dira euskal kulturan halaber, transexual ala trabesti pertsonaia ukigarriak bezain zirraragarrien itzalean: 1983ko Imanol Uriberen Mikelen heriotza pelikulako Fama trabestia zoragarria zen, neurri batean, liberatzailea berunezko garai haietako ikusleentzat; hor dago ere Amaia Ezpeldoi saileko Jalgi Hadi Plazara nobelan hormonaz asetzen doan Haizemin egiazko transexuala aldion.

Ez da erraza sexuaz aldatzea edo bi sexuak aldarrikatzea. Alemania ekialdeko igerikari ohiren batzuen adibideak ohikoak zaizkigu. Badakigu berdinki Bound (1996) eta Matrix (1999) obren egileak diren Waschowski anaietarik bat, Larry, jagoitik Lana izenarekin, emazte bilakatu dela. Aurtengo Eurovision kanta-txapelketaren karietara plazaratu zen Conchita Wurst drag queen austriarra, emakume ahotsa, ile luze beltzaranak eta erabat bizarduna. Berak dio elkarrizketetan: ez gizon, ez emazte, eta ongi bizi dela horrela!


Estatuek ez dute oraino onartzen nortasun agiriak transbideetan lerratzen denaren nortasun hautatuari egokitzeko eskubidea. Bide zabala eta neketsua dela kontatzen dute telebista pribatuetako reality showetan agertzen diren apurrek. Baiona Txikian mende erdi honetan emaztez jantzirik ibiltzen den Laurent trabestituaren egunerokoa ez daitekeela gozoa pentsatzen dugu Pannecau karrika izkinan gurutzatzen dugunean. Irainak. Irri irentsiak. Bazterketak. Adiskidetasun
mutua bakarretan.

Eskerrak dagoeneko, Europa zaharrean bederen, generoaren mugak ezabatzen dituztenen destinoa ez dela Hubert Selby Jr-ek Last Exit To Brooklyn ipuin bilduma idazten duen Georgette argitsuarenaren antzekoa.
    
Itxaro Borda