BAI-YES. IHESA HITZETAN. Itxaro Borda

el .

Mon amour malade,
Ma douleur d’aimer,
Mon Damné d’amour,
Sida Sidanné...
    BARBARA, 1987.


Belaunaldi osoak epaitu zituen IHES edo SIDA gaixotasunaren segak, munduan zehar, 80-90eko hamarkadan, dakigun bortitz, ez-jakin eta ulertezintasun latzarekin. Hasieran eritasunaz entzun genuenean, bereziki multzo homosexualetara mugatzen zela zabaldu eta errepikatu zenean, halako izu larriak gatibatu gintuen, urrun ginelarik alta New York edo Parisen antzeko megapolisetatik. Elizkoi katolikoak mintzo ziren gay jendearen bizitzeko modu galdu, lizun, zikin eta zitalak merezitu jainkoengandikako gaztigua zela erranez eta solas likits horiei gehitzen zitzaizkien zurrumurrurik harrigarrienak. Batak IHES-aren erroak Afrikan kokatzen zituen, frogatu zena denborarekin, zimino handiekiko lotura eginez, eta besteak, konplotisten abarrekoak, murrungatzen zuen gaizki kontrolaturiko ipar amerikar esperientzia militar sekretuen ondorioz laborategiren batetik eskapatu bakteria gaitza zitekeela.
    
Hipotesiarik eroenak eta moralismo hutsalenak.
    
Odola bere globula zuriez gabetuz, norberaren defentsa imunitarioak suntsitzen zituen gaizotasuna zen -eta da, epidemia ez baita berehalakoan geratu, batez ere herrialderik pobreenetan eta eritasunaren presentzia ukatzen duten eskualde zenbaitetan- IHES-a, minbizien sailekoa, artatu ezina da eta garai haietan erremediorik ez zitzaion ezagutzen. Orain dagoeneko SIDA-dunak zahartu daitezke ozkan jarri diren triterapia eta era berdineko sendabide astunekin, baina iraupena eta nolabaiteko osasuna ziurta dezakete.

Telebistako erreportaietan eritasunak harrapatu famatuen aurpegiak ikusten genituen, hezur eta larru bihurtuak, alki gurpildunetan, arras ahulduak. Lehen zenduaren irudiaz gogoratzen gara denok: 1985ean Rock Hudson antzesle amerikarrak publiko egin zuen bere gaizotasuna, Parisen hospitalera eramana izan zenean, eta harridura barreatu zen jendarte orokorrean bezain homosexualen zirkuluetan. Handik laster, hil aitzineko egunetan nire destinu garratzak bederen ondorio baikorrak ditu deklaratu zuen SIDA-ren errealitatea plazaratu zuelako, horrela ordukoz estigmatizatuak ziren erien egoera hobetu zezakeela ustez. Elizabeth Taylor erraldoiak ikerketa eta prebentzioa sustatzeko fundazio bat sortu zuen Rock Hudson bere adiskidea gogoan.

Klaus Nomi, Freddie Mercury, Guy Hoquemghem, Michel Foucault, Fela nigeriar abeslaria, Keith Haring, Isaac Asimov, Thierry Le Luron, Copi, Bernard-Marie Koltes, Bruce Chatwin, Miles Davis, Anthony Perkins, Ofra Haza israeldar emakume kantaria, Sege Daney, Cyrille Collard, Arthur Ashes, Mano Solo, Rudolf Noureev, Elie Kakou, Guillaume Dustan... zerrenda luzea da, heriotz ezagun eta ezezagunen hauek oroitzeko AIDS Quilt deituriko espazioaren erdian zerurantz altxatzen den harri gorakoia eraiki dela Washingtonen.

Eritasunak ematen zuen, orokorrean, gizonezko homosexualak eta toxikomanoak zituela ukitzen, harreman heterosexualez kutsatu gizonak eta emazteak ere hiltzen hasi zirenean. Kopuruak biderkatzen zihoazen, are gehiago, han eta hemen, odol kontaminatuaren eskandaluak zartatu zirenean. Frantzian noski bai eta Irlandan, Celia de Freine idazle gaelikoak blood debts tituluarekiko 2014eko bere azken liburuan aipatzen duenez. Ororen buru SIDAk edozein harrapatzen zuen -Aids does not discriminate zioten amerikarrek- izan homosexuala ala heterosexuala, gaztea ala zaharra, gizona ala emaztea. Herrialdeetako osasun ministeritzek harreman sexualen gerizatze kanpainak kudeatu zituzten, itxura beldurgarriak erakutsiz, preserbatiboak askoren sakela edo zakuetan aurkitzen direla geroztik, burlarik, trufa kirtenik edo balentriarik gabe, naturaltasunez hots.

Seropositibo anitzek diskriminazioa pairatu zuten denbora haietan lantokietan eta beraien ingurune sozialetan, ez bakarrik botere diktatorialak zituzten lekuetan. Sortaldeko herrialdeetan ere susmo txarrak hedatu ziren jendartean barna. Gaurkoan Armenian, Errusian, Canadan, Ipar Korean ala Iraken adibidez sartzea debekatzen zaie seropositiboei, test delakoak egitea paperak eskuratzeko ez delarik UNO-ren eginkizunetan aurkitzen, alderantziz baino. Obamaren administrazioak debekua altxatu zuen 2010ean gobernura heldu zenean. Politika mailan, Le Pen frantses eskuin muturreko nagusiak, larrogeiko hamarkadaren bihurgunean, laidoak lerdo, IHES-dunak sidaïque izanaz bataiatu zituen judaïque hitzarekin parezkatuz, eta sidatorium etxe baztertuak eraikitzea proposatzen zuen.

Gaixotasunaren transmititzeko moduak hobe menderatzen direnean, diskriminatze prosezoak arinduz joan direla argi dago baina arazoa ez da erabat konpondua, edozein eritasunen kasuan bezala. Histeria kolektibo horren garaikide ziren niretzat, Parisera lanera joan nintzenean, benetako gaixoekiko egiazko gurutzatzeak. Zorionez orduan ezaguturiko lankideetarik bat behintzat bizirik da oraindik, besteak heriotzak eraman zituelarik! Bi filma ospetsuri esker diskriminazioaren neurriaz gogoratzen ahal gara: batetik 1993an atera zen Tom Hanksekiko Philadelphia ukigarria gizonen partetik eta bestetik bi emakume erabiltzen dituela, seropositibitatea eta bazterketak ezberdinak sakontzeko, Bartzelonan hedatzen den Judith Collelen Positius 2007ko lana.

SIDA ardatz, liburu baino filma gehiago bildu da. Eritasuna izendatu eta ondoko bost urteetan hasi ziren epidemiaren irudi fiktiboak eta autofiktiboak zineratzen. 1992an Cyrille Collard artistak bere bizitza aitzakitzat hartuz, seropositiboa eta bisexuala zen Jean pertsonaia zizelkatu zuen Les Nuits Fauves obran. Bi oren irauten zuen filma askotan baliatu zen preserbatiboaren premia azpimarratzeko antolatzen ziren kanpainetan, gazteekiko solasen bermatzeko eskoletan maizago. Uste dut gainera, behinekoz, pantailaratzen zirela mutiko bikoteak elkarrekin larrua jotzen, bortitz, anker eta gordinki, filma ez pornografiko batean. Cyrille Collard abeslari-idazle-zinegileak hilabete zenbait lehenago nobela bat plazaratu zuen bere bizipen errealen ildotik gaia jorratuz. Halaber hitzen bitartekaritzaz IHESaren egunerokotasunaz jabetzeko aukera eduki zen Frantzian 1990an eta 1991an Hervé Guibert (1955-1991) idazlearen A l’ami qui ne m’a pas sauvé la vie -Bizitza salbatu ez zidan adiskideari- eta Le protocole compassionnel -Urrikizko protokoloa- autofikzio krudel eta ikusgarriei esker. Hogeita hamasei urtetan zendu eta hautsak Elbeko uhartean hedatu zizkioten lagunek.

Hervé Guibert homosexuala zen eta hiru gizon zutabeen maldan bermatu zuen bere artea, haietarik ezagunena agian, 1977an gurutzatu zuen Michel Foucault filosofo famatua. 1988an seropositiboa zela ikasi bezain laster egutegiari ekin zion, sexualitatearen eta gorputzaren aldatze minimoak apuntatuz, dolore handiak, desiraren permanentzia azpimarratuz, harremanak zehaztuz eta medikuntza alorreko gora-beherak xeheki deskribituz. Gizon baten intimitatera bulkatzen gintuzten liburuek, nazkaren mugetara aurtikitzen, interesa pizturik, piskanaka argiago geneuzkan eritasunaren meandreetan hara, konortea galtzear eta biluzik. Azken urteetan hatsa gatibatzen zion SIDA obsezio bihurtu zitzaion eta argazki bilduma zein filma bat osatu zuen Pascale Brugnot ekoizlearekin La Pudeur ou l’impudeur izenburuaz hornitua. 1992an eman zen frantses telebistan. Roland Barthes ahurtiarraren estiloa miresten zuen Guibertek, Bernard-Marie Koltes eta Thomas Bernharden zirkonbuluzio intelektualak, Sophie Calle argazkilari uhergarriarekin lan zegiela, bai eta Patrice Chereaurekin.
Guztiak homosexualak edo bederen, bisexualak.

68ko maiatzean goputzaren jabetasun askea aldarrikatzen zuten sortaldeko hiri nagusi gehienetan, gizonek, emazteek eta gay jendeek, feminismoaren eta LGBT oldeak ernatzen zirela dakigun arrakastarekin, heterosexualek gozatu libertate maila antzekoa eskatzen zebiltzala. Gorputza, luzaz, gorderik eta haurrak sortzeko baizik ez zena, bat batean atsegin eta mugimendu tresna bilakatu zen. Askatasun horren emendatzea zetorren drogen usnatze edo txertatzearekin batera, esperientzia ugari eta itsuak helburu. Portamodu axolagabeak halako grabitate zakarraren zamaz lehertu zituen SIDA-ren agertzeak. Etsipena barreiatu zen LGBT komunitateetan, jendarte orokorra kutsatua zela ohartu zen arte. Game is over murdukatzen zuten orduan artista lan ezberdinek, Hervé Guiberten nobela eta argazkiek demagun. Maitasuna gauzatzea aldi honetan etorkizun hurbileko balizko heriotzarekin buruz buru letalean aurkitzea zen. Gainera, IHES-aren bakteriak denbora parrasta bat eman zezakeen gorputzean, iratzarri eta kalteak eragin aitzin. Guibert-en elaberri biografikoetan, beharrik, sendabide konplikatu baina eraginkorren urrats zalantzakoren aipamenak azaltzen zaizkigu, Guibert bera ez, ondoko belaunaldiei ordea, bizirik irautea baimenduko zutenak.

Zero gaixoa edo Zero lekukoa bilatzen jarraitzen dute. 1984an VIH-az zenduriko lehen gizonaren izena hor dugu, Gaetan Dugas, Quebec-eko hegazkinetako langilearena hain zuzen.
Berak omen zuen eritasuna amerikar kontinentera ekarri, hainbat kiderekiko gerizarik gabeko harreman sexualak ukanez, kontaminatua zela zekien arren. Hargatik, 1959an David Carr britaniar mariñela eta 1968an Missouriko San Luisen gazte hutsa eritasun ezezagun horrek hil zituen. Jadanik gauzak argiagoak dira, epidemia ez baitzen ameriketako lurretan hazi, baizik eta Afrika erditsuan, Camerun eta Congoko hiruko mugetan. Zero gaixoa beraz afrikarra da. Afrikatik Haitira pasatu zen, handik Ameriketara eta Ameriketatik Europa eta Asia sarraskitu zituen. Afrikan, preseski, eritasunak jendeak, txikitik jandira, itsuki amiltzen ditu, pobreziarengatik tratamendu garestirik ordaindu ez dezaketelako. UNO-ren diru eta laguntza logistikoak ez dira nahikoak.

Filmek, autofikzioek, irudiek, prentsan zabaltzen ziren ospetsuen heriotzek, funtsean, herritarrak informatzeko baliabideak ziren, beldur panikoa saihesteko gutxienez. Homosexualen komunitateetan preserbatiboa orokortu zen eta gazteen artean, erran dugun eran, kanpaina sarkorrak akuilatu ziren. Moralismo dorpez apaindu ziren harreman sexualak. Zenbaitek alta egoeraren itxiaren gogorra salatzeko gay ala heterosexual izan, preserbatiborik ez zutela erabiliko aldarrikatzen zuten, jendartea desafiatzen bailuten. Guillaume Dustan idazlea horietarik zen, aski kritikatua Act Up bezalako elkarteen partetik. SIDA-ren epidemia dela medio pertsona anitzek bere homosexualitatea edo bisexualitatea plazaratu behar izan zuen, ardura hil aurreko hilabete edo asteetan, hala nola, ahantzi ezina zaigun Freddie Mercuryk. Outing mugimendu bortitzak planteatzen zituen Act Up erakundeak, herrialde aberatsetan, out eginiko pertsonaren borondatearen aurka frankotan.

IHES-arekiko ezintasun kolektiboaren ortzemugan LGBT elkarteek antolaketa eta eskakizun berriak egin zituzten, bereziki, Frantzian 2013an bozkatzea hain zaila izan den ezkontzarena. Ezkontza, bikote batean alargunduriko biziraulearen egoera ekonomiko soziala segurtatzeko baliabide juridikoa zela sinestera iritsi ziren belaunaldi horiek, egonkortasun zerbaiten atzetik lasterrez. Bikote haboroxienek gainera umeak –eta ondasun ekonomikoak ere...- zeuzkaten eta ezkontzak finkatu zezakeen haurren edo alargunaren geriza, bata ala bestea hiltzen zenean.

Gaixotasunak jendartea aldatu zuen errotik, gutxiengo homosexuala bezain ustezko gehiengo heterosexuala. Epidemiaren lanjerrak salatzeko kanpainak egiten dira beti, edonor bere buruaz -eta zakilaz...- axolatzera gonbidatuz. Amodioa-heriotza lotura indartua atera zen krisia larri horretatik: grabetasunak astuntzen ditu engoitik harremanik hurrienak, pantaila bidezko birtualak hobesten direla orokorrean. Izuritearen iraganeko -ez hain aspaldikoak bestalde...- lekukotasun izugarri gisa eskumenean dauzkagu nobelak, filmak, oroitzapenak, Barbarak abeslariak murmuraturiko kanta:
 
Sida Sidannés,
Les Damnés d’Amour,
A mourir d’aimer,
Ils sont morts d’amour,
D’Amour Sidanné,

Itxaro Borda
2014ko azaroan