PRENTSA ALDIZKARIA - REVISTA DE PRENSA. Elita Edeh. Hendaian atxikitako lesbiana nigeriarra

el .

BERRIA 2015-08-18 / Maite Asensio

Elita vivía en Nigeria con otras tres mujeres, una de las cuales era su pareja sentimental. Un día, la casa fue asaltada por varios vecinos conocedores de su condición de lesbiana y quemaron a su pareja rociándola con gasolina previamente. La joven consiguió escapar lanzándose por la ventana. Las otras dos mujeres que vivían con ella fueron detenidas, y han sido condenadas a 14 años de cárcel. Ha estado detenida en Hendaya y, actualmente, está libre durante seis meses para recibir tratamiento médico por el estrés postraumático que padece. El gobierno francés pasado este tiempo decidirá si le concede o no el estatuto de refugiada. De lo contrario, la joven será repatriada a su país, donde sufriría la misma pena que sus dos compañeras ya encarceladas.

ELITA EDEH. HENDAIAN ATXIKITAKO LESBIANA NIGERIARRA
«Nigerian, lesbiana izatea hilgarria da»
Kanporatze arriskuan da 26 urteko gaztea, eta jaioterrian hamalau urteko espetxe zigorra beteko luke, homosexualitatea delitu baita han. Frantziak asiloa ukatu dio, eta Estrasburgoren ebazpenaren zain dago. Homosexualitatea delitu da Afrikako hainbat herrialdetan; irudian, Kenyako protesta bat. DAI KUROKAWA / EFE
BERRIA 2015-08-18 / Maite Asensio Lozano

Bizitza asko aldatu zaio Elita Edehi hilabete gutxian. Zehazki, apirilaren 30ean Enuguko (Nigeria) etxean auzoko batzuek haren bikotekide Mary hil zutenetik. Lesbiana izatea delitu baita han; haiekin bizi ziren beste bi emakumeak hamalau urteko espetxe zigorra betetzen ari dira. Hain justu, hori izango da Edehen etorkizuna, Frantziak asiloa ukatu ondotik, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak ez badu babesten. Aldaketa horiek eragindako «nahasmenetik» mintzatu da BERRIArekin, Hendaiako atxikitze zentrotik.

Frantziak asilo estatutua ukatu zizun ostiralean. Espero al zenuen?
Ez, ez nuen espero. Ihes egitea eta Frantziara heltzea lortu ondoren, itxaropena banuen lagunduko eta babestuko nindutela. Uste nuen pasatu dudan guztia kontuan hartuko zutela, eta haientzat nahikoa izango zela asiloa emateko. Bizitza osoan oso baztertua sentitu naiz, eta oso gogorra izan da; handik bizirik atera ostean Frantzian ere baztertua izatea izugarria da niretzat.

Zergatik ukatu dizute babesa? Ez dute sinetsi lesbiana zarela?
Ez dakit zein den arrazoia. Ezingo nuke esan.

Joan den astean Tolosan (Okzitania) izan zinen, OPFRA Iheslari eta Aberrigabeak Babesteko Frantziako Erakundeko ordezkarien aurrean deklaratzen, bideo konferentzia bidez. Abokaturik izan al zenuen?
Ez. Bakarrik egon nintzen.

Zergatik ez, abokatua edukitzeko eskubidea baldin bazenuen?
[Etorkinen eskubideen aldeko elkarte] Cimadeko kideek abokatu bat eskatu zuten, baina erantzun zieten berandu zela; berez, haiek ere ez ziguten garaiz bidali dokumentazioa.

Itzulpenik izan al zenuen? Bai.

Nolakoa izan zen bideo konferentzia?
Galderak egin zizkidaten, eta nik erantzun. Ahalik eta ondoen azaldu nien gertatua, baina oso zaila da halako zerbait bideo konferentzia bidez egitea, aurrez aurreko traturik gabe. Oso arrotza egin zitzaidan [OPFRAko] hirurak telebistan bezala ikustea. Ez nintzen aske sentitu, ezta eroso ere.

2007. urtean, Nigeriak sexu berekoen ezkontzak debekatu zituen. Homosexualitatea legez kanpokoa da, baina, horrez gain, sozialki zigortuta al dago?
Bai, oso: homosexualitatea ez dago inola ere onartua Nigeriako kulturan. Abominazio bat bezalakoa da, krimen bat: ez zara askea nahi duzun modukoa izateko, lesbiana izateko. Nigerian, lesbiana bazara, jendeak hil zaitzake, eta ez da ezer pasatuko, lesbianak deabrutzat dituztelako. Legez ere ez dago onartuta: espetxera bidaltzen zaituzte. Eta oso baldintza okerrak dituzte hango kartzelek: tratu txarrak, torturak...

Hortaz, kalean erabat ikusezina da homosexualitatea?
Kalean bikotekidearekin ibil zaitezke, baina ezin duzu besarkatu; sexu berekoen arteko maitasun adierazpenak erabat saihestu behar dira; bestela, susmoak eragingo dituzte. Eta egiaz homosexuala bazara, kartzelatzen zaituzte, edo hiltzen. Gay edo lesbiana izatea hilgarria da Nigerian.

Zure bikotekidea, Mary, hil egin zuten auzotar batzuek. Epaitu al dituzte? Zigorrik jasoko al dute?
Ezin dituzte epaitu. Nigerian ezinezkoa da, erabat! Areago: gauza on bat egin izan balute bezala tratatzen dituzte, eurentzat lesbianak gaizkia garelako; euren herria zikintzen dugula uste dute. Poliziak ezin du ezer egin haien aurka; aldiz, guri egiten digute kontra: egunero jazartzen zaizkigu. Egoera lazgarria da.

Mary hil zutenean hasi zen zure ihesa. Nola lortu zenuen Nigeriatik ateratzea?
Egun hartan, gizonezko adiskide baten etxera joan nintzen. Lesbiana naizenik ere ez zekien; beraz, dena azaldu behar izan nion. Beste batek kalera bidaliko nindukeen, baina hura atsegina izan zen, harrituta egon arren: beste begi batzuekin begiratzen zidan. Biharamunean, diru pixka bat utzi zidan, eta Enugutik Lagosera joan nintzen. Han, Ekuatore Gineako lagun batekin geratu nintzen, eta ahalik eta urrunen joateko aholkatu zidan. Nire bizia arriskuan zegoen, Polizia bila nuelako; Afrikako ia edozein lekutan antzera ibiliko nintzateke. Haren herrira joan nintzen, handik hartzeko AEBetarako hegazkina. Lehenago, ez nuen sekula pentsatu nire herrialdetik ateratzea: bizitza ona nuen, erosoa.

AEBetan sartzerik ez zenuen izan, ordea.
Ez neukalako hotel erreserbarik. Eta Frantziara itzuli nintzen. Espero nuen hemen laguntza jasotzea, nire bizia arriskuan dagoelako; oso baldintza txarretan nago: bizitza guztia galdu dut; baztertua sentitzen naiz, abandonatua.

AEBetan eman al zenien zure egoeraren berri?
Aukerarik ere ez zidaten eman. Berehala itzularazi ninduten. Parisko aireportuan, berriz, poliziek atxikitze zentro batera eraman ninduten. Baina epaileak aske utzi ninduen, zazpi egunetan Frantziako lurraldetik alde egiteko baldintzarekin; epe hori jasotzen zuen agiri bat eman zidan: Poliziak ez zuen ni kontrolatzeko eskubiderik, baina laugarren egunean atxilotu ninduten, Hendaian, Espainiarako trena hartzera nindoala, han asiloa eskatzeko. Papera erakutsi arren, atxikitze zentrora eraman ninduten.

Atxiloketa legez kanpokoa izan da?
Bai. Zentroan esan zidaten Parisko aireportuan Frantzia uzteko bisa bat eskatu behar nuela, baina aireportuan ez zidaten halakorik azaldu. Esan izan balidate, egingo nukeen; Frantziako legeak errespetatu nahi nituen. Baina bisarik gabe ere, nire agiriak beste hiru egunez Frantzian egoteko baimena ematen zidanez, aske utzi behar ninduten, bisaren bila Parisera joan ahal izateko.

Estrasburgoko Auzitegiak zure alde egingo duela uste duzu?
Ez dakit. Ez dakit zer pentsatu.

Pentsatu al duzu Europako beste herri batean asiloa eskatzea?
Oraintxe bertan ez daukat pentsatzeko indarrik.

Nigeriara itzultzen bazara, epaituko al zaituzte?
Bai. Orain ofentsa bikoitza daukat Nigerian: ihes egin nuen; geratu izan banintz, espetxeratuko ninduketen. Baina ihes egin izanak eta Polizia nire bila aritzeak hiltzeko arrisku handiagoan jarri nau. Nire bizitzaren amaiera da, eta 26 urte baino ez dauzkat: ez dut ia ezer egin bizitzan, eta horrela hilko naiz. Ez da bidezkoa.