LIBURUAK - LIBROS. Quiérete mucho, maricón: gizon homosexualentzako eskuliburua. Gabriel J. Martín

el .

Gutxitan izaten da horrelako aukera. Hainbeste eta hainbeste urtetan behar izan dugun eta falta zitzaigun liburua idatzi du Gabriel J. Martinek. Horixe pentsatuko du eskuartean Quiérete mucho, maricón liburu mardul eta umorez betetakoa hartzen duen edozein gizon homosexualek. Oraindik irakurri ez duzuenoi horretarako gonbita egin eta 527 orrialdeotan zer aurki dezakezuen aurreratzea du helburu testu honek.

Gehiturekin harreman estua izan du Gabriel J. Martinek azken urteotan: tailerrak eman ditu gurean, aholkari izan dugu osasun-kontuetan, eta, Gehituk behar izan duen guztietan, konplize eta lagun paregabea izan du. Ondo ezagutzen dugu, beraz, bere lana.

Baina zer da “gay psikologia afirmatibo” hori?

Laguna ez ezik, Gabriel psikologoa da, gizon homosexualen beharretan eta berezitasunetan espezializatutako psikologoa: Bartzelonan 7 urte daramatza lanean paziente homosexualekin soilik. Psikologiaren tradizio anglo-saxoian “gay psikologia afirmatiboa” deitzen zaio Gabrielek kontsultan egiten duenari. Psikologiaren adar hori gure artean bide handirik egin gabea zen eta askorentzat ezezaguna, orain arte, behintzat. Orain arte, diot; izan ere, Quiérete mucho, maricón liburuaren egilea da, gaur egun, adar horren erreferentea gaztelaniaz: Kataluniako CGL koordinakundean eta Gais Positius elkartean hasi zen paziente homosexualekin lanean, eta, esperientziak erakutsi zion unibertsitatean horretarako prestakuntza berezirik jaso ez izan arren, gizon homosexualon behar espezifikoei ezin ziela erantzun egokirik eman prestakuntza berezirik izan gabe. Horrela hasi zen bere burua arlo horretan prestatzen eta gai horretan sakotzen.

Urtetako esperientzia metatuaren ondorioa da, beraz, “gizon homosexualek arrakasta psikoemozionala lortzeko eskuliburu” gisa definitu duen liburu hau. Umore handiz bildu ditu egileak lagun-giroan, familian, elkarteetan, tailerretan, eta, nola ez, kontsultan bizitako anekdota ugari; eta, horietako askorekin identifikatuko da edozein irakurle homosexual, berak ere, seguruenik, antzeko egoera ugari biziko zituen-eta.

Eduki praktikoa eta ondo egituratua

Batez ere, liburu praktikoa da: batetik, era askotako homosexualei zuzendua dago: ez soilik armairutik ateratzeko bidean denari (edo atera berria denari). Edozein homosexualek behar dituen estrategiak proposatzen ditu egileak: nola gainditu barneratu dugun homofobia, nola hitz egin familiarekin, nola jardun lan-giroan, nola atera etekin hobea ligatzeko aplikazioei, nola gainditu hiesarekiko kezka neurrigabea, eta abar, eta abar.

Baina eskuliburu hau ez da gizon homosexualentzat soilik; hain familientzat, lagunentzat, psikologoentzat, edo edozein pertsona homofoborentzat biziki gomendagarria litzateke, besteak beste. Liburu praktikoa den aldetik, bertan aurkituko ditu irakurleak, esaterako, gizon homosexualen gurasoek irakur ditzaten bereziki prestatutako orrialde-sorta, edo barneratutako homofobia gainditzen laguntzeko ariketa praktikoak, Gabrielek kontsultan erabiltzen dituenak.

Egilearentzat, liburu hau idaztean lan neketsuena behar bezalako egitura aurkitzea izan omen da. Egia esan, gutako bakoitzak gure bizitzan izan ditugun kezkak ez dira beti berdinak izan. Armairutik ateratzeak ere ez gaitu zertan libratu homofobiaren kaltetik, eta gure bilakaera pertsonalean egin beharreko lana handia izan ohi da. Kezka horiek kronologikoki logikoa den hurrenkeran antolatzea lortu du Gabrielek, eta horrek arinagoa egiten du irakurtze-lana.

Umorea bai

Edukia umorez hedatzeak eraginkorragoa egiten du eskuliburu hau, mezua hobeto helarazten baitio irakurleari, eta ulerterrazagoa egiten baitu; gure arteko hizkera arin eta konplizea erabili du Gabrielek. Maiz egingo du barre irakurleak Gabrielen ateraldiekin eta hitz-jokoekin.

Agian, izenburua bera ere deigarria egingo zitzaion norbaiti. Gaztelaniaz, jatorriz irain gisa erabili zen arren, lagunartean gizon homosexual askok elkarrekiko hurbiltasuna adierazteko erabiltzen dugu “maricón” hori. Irainei beste adiera bat eman eta jada inork iraingarria izan beharko lukeen hitz horrekin minik ezin digula egin adierazteko erabiltzea, hazkunde pertsonalean egin beharreko bidea egiten ari garenaren seinale da. Hitz horiekin amaitzen du Gabriel J. Martinek bere artikulu, post eta bideo guztiak, bere bizi-filosofia laburtzen dutelakoan, berak dioenez.

Baina, batez ere, zorroztasun zientifikoa

Gabrielek ez ditu bere iritzian oinarritutako aholkuak eta gidalerroak ematen: ia 1.000 ikerketa zientifikotan oinarritu da liburua idazteko. Homosexualitateari eta gizon homosexualei buruz hainbatek (baita, batzuetan, gizon homosexualok, edota gure elkarteek ere) errepikatzen eta zabaltzen dituzten aurreiritziei edo zorroztasunik gabeko esanei aurre egiteko argudio eta tresna ugari ematen ditu Quiérete mucho, maricón lanak, denak ere ebidentzia zientifiko eztabaidaezinetan oinarritutakoak. Eta, jakina, denok ditugu aurreiritziak. Homosexualitatea sorkuntza soziala dela uste duzu? Lotsa/beldurra ematen dizu kalean beste gizon batekin eskutik heldutik ibiltzeak, iseka egingo dizuetelako-edo? Amorrua sentituko zenuke zure mutil-lagun berriak hasieratik esango ez balizu seropositiboa dela? Baiezkoan, baduzu liburu hau eskuartean hartu eta bertan ematen diren erantzunekin gogoeta egiteko arrazoirik.

Norbaitek esan duen bezala, “marikoiaren Liburua” da hau; horrela, letra larriz. Datozen urteetan erreferentziazko lana izango da gayontzat, gurasoentzat, psikologoentzat, irakasleentzat, eta abarrentzat. Hutsune handi bat betetzera etorri den lana, azken batean. Eta, horren adierazle, irakurleok egin diogun harrera, hiru astetan amaitu baita lehen edizioa.

Zorionak beraz, Gabriel, eta eskerrik asko hain lan neketsua eta bikaina egiteko ahaleginagatik!

Gabriel J. Martín

Quiérete mucho, maricón. Manual de éxito psicoemocional para hombres homosexuales.

Roca Editorial, Barcelona, 2016

Tags: libros LIBURUAK