BAI-YES. Musika for the girls

el .

Ez dakigu sekula nola iristen garen talde baten fans izatera. Salbaiki deskargatzen ditugu mp3 grabaketak eta horrekin kotxean etengabean, gauez eta egunez, buklean hautematen diren disko brikolatuak osatzen. Quebec aldeko Montreal hiriko Lesbians On Ecstasy-ko nesken ahotsek eta soinuek halatan gure burumuinen zokoño bat bete zuten baimenik eskatu gabe: closer to the dark…

2003an izengoitiekin ezagunak egin ziren gaitzeko musikariek bat egin zuten: Fruity Frankie, Veronique Mystique, Bernie Bankrupt, Pretty Ricky, Both Hands, Jackie the Jackhammer eta Annagram. Izen bakoitza plazer egitarau bat zela iruditzen zitzaion entzuleari, lesbiana izan ala ez. Kaskoa belarri gainean ezarri, doinua azken dezibelen mugetaraino igo eta hara hor, baxuaren erasoa gorputz guztian ikara beldurgarri bihurtzen zitzaigula: tell me does she love the bass…

Iragana erabiltzen dut Lesbians On Ecstasy-koen aipatzeko ezen 2004 eta 2007 artean atera zituzten obra distiratsuak baina gero bihotzetako zerrenda kuttunetatik jalgi zirelako: abesti kementsuak elektroklax girotik datoz, punk airez troxaturik eta queercore saila urratuz. Euskal Herri barnealdea gauerditan zeharkatzeko egokiena den soinu-banda ukigarria moldatzen dute oraindik ere Alien8 Recording zigiluak plazaratu hiru albumek: revolt…
    
Lesbianen historiak berridazten zituzten Lesbians On Ecstasy multzoko kideek aldion dance floor zaratatsuetan garatzeko, karia horretara musika industriala, errepikakorra, haluzinantea ekoiztuz. Arrakasta eta ospea lortu zuten 2005ean The Advocate aldizkariak urteko albumaren saria eman zietenean eta Queer as Folks telesailak Bitchsy kanta erabili zuenean. Anitzek horrela ezagutu genituen. Derradala halaber The L World heroikoaren hasierako abestiaren remix energetiko eta kalipuz itorikoa egin zutela: this is the way that we live…
    
Ordura arte lesbianen kantatzeko erak folk edo country ziren eta Lesbian On Ecstasy bezalako taldeek elektrika eta erritmo zakarrak sartu zituzten nesken eta emazteen maitasun-ez maitasun aferak azaleratzeko. Denbora joan arren Quebeceko boskotearen abestiek ez dute zimur bakar bat bildu: alone in madness…

Itxaro Borda

Tags: BAI-YES