Euskal taldeak eta LGBTI erronka. Ander Prol González

el .

Manent: “Musika iraultzarako tresna bat izan da beti”

Gose, Manent, Gatibu, Euskokabaret Ibiltaria eta Las Sexpeares bost euskal taldeek badute antzekotasunik elkarrekin: bostek lagundu dute, era batera edo bestera, LGBTI kolektiboaren normalizazioaren alde. Kausa horren alde Euskadin egiten den musikaren balioari eta jarrerari buruz mintzatu gara haiekin.

GOSE
Ines Osinaga (ahotsa eta trikitia), Iñaki Bengoa (sekuentziak eta programazioak) eta Osoron (gitarra eta baxua) dira Gose talde gipuzkoarreko hiru partaideak. Beren kantuen hitzek eta estiloak zer esana eman dute beti, baina 2004tik hona, gustukoen dutena egiten aritu dira etengabe: dena hankaz gora jartzen.

Musika-talde gisa LGTBI kolektiboaren alde egin duzuen lehen ekintza edo inplikazioa “Naizena izateko” abestia izan zen?
Ez zen abesti hori izan, askoz lehenago baizik, are Gose jaio baino lehenago ere; abestiarena oso gauza puntuala izan zen. Gure inplikazioa, gauzak pentsatzeko edo ikusteko dugun modua, askoz lehenagotik zetorren; pentsatzeko modu hori partaideetako bakoitzaren barruan egon da beti. Agian abestirik esplizituena izango da, baina baita horren inguruan egindako kanpainagatik ere, nahiz eta Goseren abesti bat ere izan zitekeen zuzenean, atzean inolako kanpainarik egon gabe.

Abestiaren hitzek esplizituki esaten dutenez gain, uste dugu badagoela beste osagai bat: erdigunetik abesten duzun ala ertz batetik abesten duzun. Eta nik uste dut Gosek inoiz ez duela erdigunetik abestu, inoiz ez du abestu bete beharreko arau guztiak betetzen dituen gizon zuri heterosexual baten antzera.
    
Abestiaren hitzek, kausa horren alde egin baino gehiago, gizartean topatzen dugun generoaren araua apurtu nahi dute; publiko orokorrarentzat ez ezik, zuzentzen zaion kolektiboarentzat ere eztabaidagarri izan zen? Nola bururatu zaizue tipikoa ez den zerbait egitea?

Errepika entzun zutenean, eskuak burura eraman zituzten nolabait ere, baina gero adostasun batera iritsi ginen (barre egiten dute). Gose taldea betidanik izan da hirukote bat. Gainera, eragin genezakeen edo adieraz genezakeen erotismoa geure egin dugu beti, jakitun izan baikara guk ez ditugula inondik ere betetzen Euskal Herrian musika-talde batek berez bete beharko lituzkeen arauak.

Uste dugu, beraz, ez dela horrenbeste LGTBI kolektiboaren aldeko kontzientziagatik, baizik eta arauak apurtzeko jarreragatik, edo gutxienik, aurrez ezarrita dagoen kanon baten barruan sartu nahi ez izateagatik. Anbiguotasun horrekin jolastea sormen-lan bat baino gehiago da, mugak apurtzen dituelako. Azken batean, horren aurrean hartzen duzun jarrera bat da, azken batean zure buruari galdetzen baitiozu zergatik irauten duten betiko rol horiek.

Zure ustez egungo euskal taldeek normalizaziorako indar berdinarekin egin eta konposatzen dute beren musika? Musika, oro har, helburu horrekin erabiltzen da? Eta alde horretatik, nahikoa egiten da?

Egia da, halere, generoaren ikuspegiari dagokionez edo muga horiek apurtzeko ikuspegiari dagokionez, oso mugatuta gaudela. Euskal Herrian edo gai politikoei buruz edo gainerako gauza guztiei buruz abesten da. Batez beste hamar abestitatik bik aldarrikapen politikoa dute, eta gainerakoak maitasunezkoak dira.

Eragin politiko handia dago, eskuinak hogeita hamar urtez gobernatu duen eskualde bat da, eta horrexegatik, oso zaila da hori aldatzea. Gainera, Euskal Herria oso eskualde kontserbadorea da. Beraz, dena horrekin lotua dago, horrela doa dena, eta orain ez diozu EAJri eskatuko gai horretan bustitzea.

Dokumental batek zioena da, alegia, ETBn hogeita hamar urtean ez dela titi bakar bat ere ikusi. Euskal Herrian politikaren alorrean aldarrikatzaile izatea arauak betetzea da. LGTBI mugimenduari helduz, oso urrun harrapatzen gaituen zerbait da, eskuinekoak izan nahiz ezkerrekoak izan. Hala eta guztiz ere, zenbait mugimendu eta aldaketa lortu dira, baina oraindik bide luzea dago lortu den horretatik aldatu beharreko horretara iristeko.    

Euskal talde ezohikoa zarete, zuen ustez gainerako taldeei ongi etorriko litzaieke ezarritako arau hori atzean uztea, jadanik idatzita dagoena apurtzea? Talde askori antzematen zaie noren ezpalekoak diren, zer abesten duten eta zer esaten duten erreparatzen badugu. Baina batzuetan ez datoz bat, izan ere asko eta asko EAJren seme-alaba baitira, berriro diot. Behetik oso zaila da besteak eduki dezakeen zintzotasuna epaitzea. Baina askotan oso gauza nabarmena da.

Horrez gain, kultura aisialdiarekin ere nahastu izan da maiz. Oso zaila da jakitea zuk kantatzen duzuna jendeak entzungo duen, edo agian 80ko hamarkadatik geratzen zaigun ajea da; gure aurrekoek sekulako parranda egin dute eta guri afterra suertatu zaigu (barre egiten dute).
    
Izan dituzuen eragin guztietatik batez ere zertaz zaudete harro?
Begira, nire ustez, lehendakariarentzat (Ibarretxerentzat) jotzea sekulako gola izan zen guretzat. Jende guztia urduri zegoen: zer abestuko duzue? zergatik? Eta gogoak ematen ziguna egitera joan ginen gu. Bondage abestia jo genuen. Hain justu ere, ETBn jotzen utzi ez ziguten abesti bat, eta hura pozak txoratzen. Ines Lehendakariaren aurrean belauniko jarrita eta Bondage abesten ari zela haren aurpegian gozamena ikusteak, haren idazkariek –edo dena delakoek– eskuak burura zeramatzaten bitartean, hauxe pentsarazten dizu: ezinezkoa da adin batekoa gaztea baino jatorragoa izatea! Aurpegian antzematen zitzaion gauzak bere mende zituela, ezta? Zer edo zer bazekien. (Barre egiten dute).

Homosexualitatean antzeko zerbait gertatzen da, norbait A edo B izateak berdin dio, irteteak edo adierazteak berekin duen arazo larriena ikusgarri geratzea da. Futbolari batek esatea ez da egokia berarentzat, baina gauden egoera honetan, ikusgarri egiten lagunduko luke, armairutik ateratzen ez ziren punkak bezalatsu da.    

Abesti hori egiteaz gain, LGTBI kolektiboaren eskubideekin loturik dauden beste ekitaldi batzuetan parte hartu duzue? Zertan?
Egunez egun egiten den lana da, dena bezala. Oso erraza da araua apurtuko dudala esatea eta abar, baina egin egin behar da. Sistemaren gauzak dira. Pixkana-pixkana legediaren barruan sartzen joaten zara, zuloak estaltzen, eta halaxe, dei iezaiozu demokrazia edo nahi duzun bezala. Eta horrela, herria krisian eta beste gauza batzuetan pentsatzen barreiatua badago, ez du borrokan pentsatuko, ez da kalera irtengo...

MANENT
Euskal talde bat da, sortu zenetik bertatik bere abestietan maitasunaren gaia landu duena, inolako aurreiritzirik gabe. Denis Ruiz (ahotsa eta gitarra akustikoa), Iñigo Agirre (gitarra elektrikoa eta akustikoa) eta Iñigo Asensio (pianoa eta teklatua) dira partaideak eta hainbat urtetako ibilbidea egina du bakoitzak bere aldetik. Elkartu dituen lokarria izan da Manent.

Beste talde batzuek beren abestien bitartez borroka edo aldaketaren bat aldarrikatzen duten bezalaxe, zuen abestietako batzuek, maitasunezkoak asko, naturaltasun osoz jorratzen dituzte gai horiek hasieratik; zuen ustez, beste taldeek ere hori egin beharko lukete edo aldarrikapenak egiteko beste modu bat da?
Berez, ez dut uste inor garenik norberak zer aldarrikatu behar duen edo zer ez epaitzeko. Uste dut bakoitzak bere kezkak sentitu behar dituela, eta horren beharra izanez gero, nork bere iritzia agertu. Norberaren kontua da hori. Betidanik bizitza honetan, batzuk konforme dira ikusten dutenarekin, eta beste batzuk irtenbideak bilatzen saiatzen dira, lekukotza bat utziz besterik ez bada ere.

Nondik datorkizue hitzetan normalizazioaren aldeko jarrera agertzea?
Agian, normalizazioaren proiektu honetan buru-belarri sartuta dauden senitarteko, lagun... batzuen hurbiltasunagatik. Konpromiso hori gurea ere badela sentitzeagatik, kezka hori nolabait ere partekatzeagatik eta ez delako ezertxo ere kosta horrelako kausa zuzen eta duin baten alde laguntza ematea.

Zer falta zaie euskal taldeei aldarrikapen-gogo hori edukitzeko edo aldarrikatzen dutena adierazteko orduan naturalak izateko?
Ohitura errotuak eta joera oso markatuak alde batera uztea falta zaie, gehienei behinik behin. Eredu batzuei jarraitzen dien musika da; oso markatuak dauden lerro batzuen aurka eta euskal musikaren industrian pisu handia duten estereotipoen aurka altxatzen diren ausart apur batzuk kenduta, betiko aldarrikapenek baino ez dutelako lekurik. Horiek ere errespetagarriak, jakina.

Musika tresna egokia da estereotipoak edo dogmak apurtzeko?
Musika beti izan da bitarteko iraultzailea, ezarritako botereen, intolerantziaren eta kontserbadurismoaren etsai naturala. John Lennonengandik hasita ziurrenik, amerikar erraldoiaren aurka, gerraren aurka eta beste bidegabekeria batzuen aurka altxatzen diren jendeen eragina ikusita... Maitasunak sekulako indarra du eta musika maitasuna da. Mundu guztiak ulertzen duen hizkuntza da. Arazoa da ez duela mundu guztiak praktikan jartzen.

LGTBI eskubideetara eta Euskal Herrian egiten den musikara itzuliz, nahikoa egiten da, beharrezkoa dena bakarrik, gehiago egin liteke, normaltasunez jardun beharko litzateke...? Zoritxarrez, ez da normaltasunik nabari. Horrela balitz, ez genuke elkarrizketa hau izango. Ez dago normaltasunik, hori gertatzeko ahalegin nahikorik egiten ez delako. Administrazioek, esate baterako, sexuen arteko berdintasuna normalizatzeko eginahalak egiten dituzte eta, horretarako, harrigarria bada ere, transexualak aipatzen ez dituzten kanpaina potoloak egiten dituzte, haiek lausotasun moduko batean utziz edo, besterik gabe, duten egoera berria ez aitortuz. Ez dago inolako normaltasunik, herritar ororen obligazioa baita, duen sexu-nortasuna edozein izanik ere, normalizazio horren alde egitea, eta tamalez, heterosexuala ez da horrelako ahaleginak egitearen oso zale. Egiteko asko dago oraindik, eta oker egon nahi nuke, baina belaunaldi pare bat gehiago beharko ditugu helburu horretara iristeko. Edonola izanik ere, borrokan jarraitzera animatu nahi dut jendea, gizaki oro zoriontsu izan dadin, sentitzen den bezalakoa izanik. Eta sentimendu hori ulertzen ez duenik baldin badago, hura izan dadila oker dagoena.

GATIBU
Alex Sardui abeslaria, Gaizka Salazar bateria-jotzailea, Mikel Caballero baxu-jotzailea eta Haimar Areita gitarra-jotzailea dira Gatibu talde gernikarreko partaideak. Orain arte bost album gehi zuzeneko beste bat argitaratu dituzte, eta beren kontzertuetan ez da tokirik izaten, une honetan arrakasta gehien duten euskal taldeetako bat delako.

Gatibuk bere burua talde aldarrikatzaile, borrokalari edo probokatzailetzat dauka? Euskal musikan ezarritako dogmaren barruan ala kanpoan aurkitzen da? Gure taldea ez dugu ikusten talde aldarrikatzaile, borrokalari edo probokatzaile modura. Sentimendu, sentipen eta bizipen nahikoa unibertsalez hitz egiten duten abestiak egiten ditugu. Ez dut dogmetan sinesten eta ez dut uste, oro har, bilakaera artistikorako onak direnik. Gure abestiekin probokatzea eragin badugu, oso modu naturalean eta kalkulatu gabean izan da.

Nola protestatu dezake batek musika tresna gisa erabiliz? Zer da garrantzitsuena, hitzak ala esandakoaren bitartez hartzen den jarrera? Funtzionatzen du? Borroka nahikoa egiten da? Gu ez ginen abestiak egiten hasi zerbaiten alde borrokatzeko, baizik eta musika barru-barruan bizi genuelako eta abestiak egin nahi genituelako, horixe baita gustukoen duguna. Abestiak idaztea terapia bat da, beste era batera esan ezin dituzun gauzak esateko balio dizulako.

Batzuetan zerbaitekin duzun ondoeza adierazi nahi duzu eta abesti bat eginez lasaitzen zara. Barne-korapilo bat askatzen duzu, eta entzuten ari den norbaiti korapiloren bat askatzen ere lagundu diezaioke.

Musika oso tresna indartsua izan daiteke kontzientziak mugiarazteko. Askok egin dute eta egiten dute Nola? Norberak bere erara egin behar du, baina ahal dela, inor asperrarazi gabe. Panfletoa zabaltzea guztiz legitimoa da, baina nekagarria ere izan daiteke. Gauzak musikaltasunez eta poesiaz esatea ez da gauza samurra, eta jen de guztiak ere ez dauka gaitasun hori.    

Nola sortu zen Bixotza Suten bideokliparen ideia? Beldur izan zenioten jendearen erreakzioari? Nolako erreakzioa izan zuen? LGTBI eskubideen alde zerbait egiten duzuen lehen aldia da? Ideia hori Oier Plazarena izan zen. Gernikako errealizadore bat eta gure laguna da Oier. Hasieran, jendearen erreakzioa nolakoa izango zen pentsatzen hasi ginen, baina segundo bat baino ez zen izan. Hark garbi zeukan, eta uste dut probokazio pixka bat ere bilatzen zuela, askotan beharrezkoa delako. Guri asko gustatu zitzaigun ideia hori eta haren eskuetan utzi genuen.

Jendearen erreakzioa zoragarria izan zen, eta asko gustatu zitzaien bideoa, zentzu guztietan. Alex lehendik ere trabestitua zen beste bideo batean, Inpernuen ate joka bideoklipean hain zuzen, eta zoragarri dago. Ez dugu ezer berariaz egin gay, lesbiana eta abarren eskubideen alde.

Gai hori naturaltasunez landu genuen, nire ustez horrela egin behar delako, zama kendu eta gauza normala eta egunerokoa balitz bezala jorratu. Denok modu naturalean ikusten dugunean amaituko da bazterketa.

Jarraitzaile gazte asko dituzue; gazteen artean duzuen eraginari dagokionez, zuentzat zer da gauzarik atseginena? eta desatseginena? Gure jarraitzaileak era askotakoak dira. Bost urteko haurrengandik hasi eta hirurogeita hamar urteko jendearenganaino. Hamasei eta hogei urte bitarteko neska-mutilak asko hurbiltzen dira lehen ilaretara, baina atzeraxeago dagoen adin-desberdintasuna egundokoa da.

Oso pozgarria da ikustea nola ikasi nahi izaten duten gazteek gure abestiak jotzen, gitarrarekin esate baterako. Niri askotan eskatzen didate nire ikasleek, eta nik harrotasun handiz erakusten diet. Zure abestiak zuzenean edo taberna batean kantatzen dituztela ikustea eta ezpainetan irribarre bat dutela ikustea benetan gauza polita da, eta ongi sentiarazten zaitu.

Aldiz, ez da batere gustagarria inolako kasurik egiten ez dizutela ohartzea, eta askotan gertatu ez zaigun arren, noiz edo noiz bai. Eta une horretan zure etxera joan nahiko zenuke ziztuan, arrastorik utzi gabe.

Zer gomendio emango zenieke hasten ari diren eta arauak apurtzeko irrika hori duten musika-talde gazteei? Eman diezaiekedan gomendiorik onenada musika naturaltasunez bizi dezatela, gogo-zabaltasunez, katuaren jakin-minez, irrikaz eta gehiengoak egiten duenari kasurik egin gabe. Izan dadila zure musika lurralde guztiz librea.

EUSKOKABARET IBILTARIA

Ez da musika-talde bat bakarrik, baizik eta ikuskizun handi bat. Euskokabaret Ibiltariak, sortu zenetik bertatik, euskal kultura kabareteko erotismoarekin uztartu duen proiektu bat sortu du, eta hala, ezarritako eskema oro apurtzen duen emaitza erdietsi du.
    
Zuen showa apurtzailea eta ezohikoa da, nondik datorkizue ukitzen dituzuen gaiak ukitzeko kezka hori eta hori adierazteko darabilzuen formatua? nola eta zergatik bururatu zitzaizuen? Ikuskizuna musika-talde baten eta batukada-talde baten arteko uztarketa-proiektu gisa sortu zen. Estetika eta izena izan ziren lotu genituen lehen gauzak, eta halaber, inor axolagabe ez uzteko ideia. Oso garbi genuen sexualitatea jorratu nahi genuela. Aurrez ezarrita dagoena apurtu nahi genuen, edo are gehiago, perbertitu. Kabareta eta kabaretaren antzezpena ez genituen zerbait estetiko bezala ikusi, baizik eta adierazteko tresna bezala eta gauzak kontatzeko modu bezala.

Dibertsitatea funtsezkoa iruditu izan zaigu beti, eta taldean sartu den pertsona bakoitzak ekarpen garrantzitsua egin dio proiektuari. Lehen urtean, alderdi musikala sortzen aritu ginen, baina horrekin batera, alderdi teorikoa eta antzezpenarena landu genituen. Garai horretan proiektuaren oinarriak finkatu genituen, baina bigarren urtean, jende berria sartu zenean, sortu genuen gaur egun Euskokabaret dena.

Ezarritako arauen aurka “borroka” egiteko tresna egokia da? Zuen ustez, zuen emanaldiei esker aldaketak eragin daitezke? Baietz esango genuke. Hasteko, norbanako gisa, taldeko partaide bakoitzak bere askapen-prozesu propioa bizi izan du maila desberdinetan: batzuentzat modu batera janztea izan daiteke; beste batzuentzat, jendaurrean dantzatzen “dena ematea”; beste batzuei, berriz, oso indartsua eta askatzailea iruditu zaie antzeztoki gainean gu erotizatzea; askotan ikusezin bilakatzen diren zenbait lelo ahots goran oihukatzea... Horrez gain, gu aldatzen goazen heinean, gure ingurunea ere aldatzen doa.

Eta, ikuskizuna ikustera datorren jendeari dagokionez, kontzertu bat amaitzen denean, gogoeta eragin dieten alderdiak aipatzen dizkigute sarritan, zeinen gustura eta aske sentitu diren kanta edo lelo batzuk entzutean, abestean edo dantzatzean, nolako poza eman dien beren herrian edo auzoan zerbait desberdina ikusi ahal izateak; zeren eta, gure kantetako batek dioen moduan, “dantza egiten, borrokatzen da ere!”.

Zuen ustez zein da gizarte-eraldaketaren alorrean talde gisa lortu duzuen gauzarik garrantzitsuena? Alde horretatik, batez ere zertaz zaudete harro? Inoiz zentsurarik ezarri dizuete? Nola? Nik autozentsura aipatuko nuke, Augusto Boalek aipatzen zituen “buruko polizia horiek” lirateke, zeinek beldurra sentiarazten baitigute besteek zer esango ote duten. Zer irudituko zaie ikuskizun hau nire aitari eta nire amari, lagun-kuadrillari, nola ikusiko naute eguneroko lanean kontzertu batean ni ikusi ondoren...? Taldearen barruan batzuetan zentsura ezartzen diogu gure buruari, eta desadostasunak izaten dira edukiei buruz, mezuak modu batera edo bestera bidaltzea komeni den erabakitzean... zaila da hori guztia ez gertatzea, gero norberak “aurre egin” behar izaten dielako proposatzen ditugun mezuei, eta hamabi lagun gara eta hamabi bizimodu ditugu, munduaren hamabi ikuspegi eta gizarte-ingurune, eta beti ez dute zertan berdinak izanik...

Gure emanaldia eskaintzera joateko deitzen digun jendeari dagokionez, noizbait esan izan digute zein talde ekarri aztertu duten batzordeetan mesfidantza agertu izan dutela zenbaitek, edo talde baten profil “tradizionalago” bat nahiago izan dutela. Baina oro har, proposamenarekin joaten diren pertsonek eginahal handiak egiten dituzte, oso garbi izaten baitute zer nahi duten. Oso harro gaude, are hunkituta ere bai, ikuskizun honek oso eremu eta testuinguru desberdinetan izan duen harreragatik.

LGTBI eskubideei dagokienez, nola eta zein eratan jorratzen duzue gai hori zuen emanaldietan? Zuen ustez zein da gai horren inguruan aldarrikapenak egiteko eta normalizazioa eskatzeko arrazoi nagusia? Arazo handi bat estigmatizazioa da, lotsa eta ezkutatu beharra eragiten duelako... Horren aurrean, gure nortasunak bizitzeko eta gure sexualitateez gozatzeko gorputzak eta adimenak eskaintzen dizkiguten aukera mugagabeetatik ahal diren gehienak ikusgarri egitea proposatzen dugu, eta jakina, gizartearen iruditerian nagusi den koitozentrismo heterosexualaz haratago doa hori. Hori egiteko moduari dagokionez, berriz, tradizioz zapalduak izan diren errealitate historikoekiko sentikortasunez eta samurtasunez egiten ahalegintzen gara, jakinaren gainean ez dugula egia erabatekorik, baizik eta proposamen multzo bat, umiltasunez baina zintzotasunez horien berri jaso nahi duen orori eskaini nahi dizkiogunak. Hori guztia berdintasunez betiere, lehentasunik eta hierarkiarik gabe, pertsona bakoitzaren desioek erabakitzen dituztenak izan ezik.

Zuen ustez, nahikoa egiten da LGTBI eskubideen aldeko gizarte-aldaketak eragiteko? Eta beste musika-talde batzuen partetik? Gehiago egin liteke? Beti egin daiteke gehiago, eta horrexegatik inoiz ez dugu amaitutzat emango ikuskizuna. Beti etortzen zaigu norbait, antzezteko proposamen berri bat eskuartean duela, mezu berri bat... Baina uste dugu lan polit bat egiten ari garela.

LAS SEXPEARES

Belen (ahotsa eta gitarra) eta Kinki (bateria eta koroak) dira, taldean sartu berria den Xabirekin batera (baxua eta koruak), Barakaldoko talde honen partaideak. 2009an sortu ziren eta beren musika laurogeiko eta laurogeita hamarreko punk/gruge haren oroitzapen bat da, baina garai hartan hain ohikoa ez zen gehigarri bat duela: emakumeen ahotsak.

LGTBI eskubideetara itzuliz, zuen ustez Euskadin nahikoa protesta egiten da musikaren munduan? Gure ingurunean gay, lesbiana, transexuala, bisexuala... izatea, munduko gauzarik arruntena da. Gure sexu-orientazioagatik inoiz jazarpenik sentitu bagenu, seguruenik, amorruak protestako abestiren bat eginaraziko zigun, baina zorionez ez da horrelakorik gertatu. Abesti baten hitzak idazten ditugunean, ia beti, norberak bizi izandakoaz izaten da, horrela baldin bada gehiago sentitzen ditugulako gure abestiak. Badakigu LGTBI eskubideen alde asko dagoela egiteko oraindik, baina ez gara ohiko “protesta-abestien talde” bat. Horrelako erakundeei gure laguntza osoa eskaintzen diegu, horien partaide garelako, eta hori adierazteko dugun modua ez da abestien bitartez, baizik eta etsenpluaren bidez, kolektibo horiek antolatzen dituzten jaialdietan parte hartuz.

Laburbilduz, lesbiana, gay, transexual, bisexual, emakume, gizon... izateak ez du esan nahi beti borroka egiten eta protesta egiten aritu behar duzunik. Zure sentimenduak edo bizipenak kantatu daitezke eta borrokan beste modu batera parte hartu. Horrela ikusten dugu guk, behinik behin. Musika protesta egiteko tresna egokia da? Nola erabiltzen duzue zuek? Bai, protesta egiteko tresna egokia iruditzen zaigu, jende askorengana iristen delako. Guk ez diogu jendeari esaten abesti baten hitzen bitartez zer egin eta zer pentsatu behar duen, baizik eta mezu bat zabaltzen dugu, eta entzuleak mezu hori jaso eta bere erara sentitzen du, bere ikuspegia emanez. Jendeak galdetzen digu, “zer esan nahi du abesti horrek?” Eta erantzuna hauxe izaten da beti: “zuk nahi duzuna”

Zuen estiloak laguntzen du aldarrikatzaileagoak izaten edo zarata gehiago egiten? Nolabait ere sektore honek bizi duen protesta-eskasia estaltzen duzue? Punka beti izan da aldarrikatzailea. Hitzak zuzenak eta amorruz beteak izan dira. Egia da guk punk estilotik edan dugula, baina inoiz ez diguzu entzungo abesti batean esaten “polizia puta hori, pikutara bota ezazu legebiltzarra...”. Pentsatu izan dugu inoiz, bai (barre egiten dute), baina nahiago dugu gauzak gehiago landu eta itzulinguru gehiago eman. !Matraka-emaile apartak gara!

Ikusitakoaren arabera, kausa honen aldekoak zarete, baina LGTBI eskubideengatik baino gehiago, hain heterozentrista ez den gizarte batengatik eta sistema patriarkalaren aurka egoteagatik, “Suicidas” edo “Descontrol” abestietan ikus daitekeenez. Nondik datozkizue ezarritako ereduarekin apurtzeko gogo eta kezka horiek? Musika-talde gisa aldaketan eraginik baduzuela esango zenukete?

Xelebrea da Descontrol abestia zuk eman diozun zentzua buruan genuela egin genuelako. Norberak gure abestiak nahi duen moduan interpretatzen dituela diogunean horixe esan nahi dugu (barre egiten dute). Emakume batek gitarra bat edo bateria bat eskuetan hartzea eta jotzen hastea aldaketa eragiteko modu bat da berez. Neska batzuek gustuko gaituztela eta gu entzun ondoren lagunekin talde bat osatu dutela esaten dizutenean, aldaketa bultzatzen ari gara. Eta harro gaude horretaz.

Zaila da musikaren bidez bizimodua ateratzea eta ezarritako kanonetara ez jotzea? Musikaren munduan protesta egitetik bizi daiteke? Gaur egun herrialde honetan ezinezkoa da musikatik bizitzea eta ezarritako kanonetara ez jotzea. Giharrean ukitzen gaitu jendeak deitzen digunean “nesken musika-talde” bat nahi dutela esateak, “Las Sexpeares” taldea bilatu ordez. Taberna bat betetzeagatik neska-talde baten ohiko jaialdia antolatzen duen jendea da, edonori deitzen diotenak, ditxosozko abestiak entzun ere egin gabe. Jende horrek atzera botatzen zaitu, BESTE “neska-talde” bat topatu dutelako. Askotan gutxietsiak sentitzen gara eta pentsatzen dugu ez gaituztela balioesten egiten dugunagatik. Mesedez, gure musika gustuko baduzu, DEI IEZAGUZU, eta antzeztoki batean neska batzuk bakarrik nahi badituzu, DEITU Soniari eta Selenari.

Musika alde batera utzita, zuen ustez beste bitarteko batzuk erabiliz nahikoa egiten da edo nahikoa borrokatzen da LGTBI eskubideen alde? Uste dugu gay gizonak emakumeak baino normalizatuagoak daudela hedabideetan. Badakizu telebistan gayak eta transexualak badaudela, baina non daude neska lesbianak? Ezkutatu egiten dituzte? Okerrago ikusiak daude? Eta emakume jaio ziren gizonezkoak? Zergatik ikusten ditugu beste erakoak bakarrik? Zer pentsatua ematen dizu...


Ander Prol González
Este artículo se puede leer en castellano aquí