ZUTABE JONIARRA - LA COLUMNA JÓNICA. DIVAK

el .

Zinemak asko egin du gizateriaren alde. Gizateriaren gainerako sorkuntza-lan artistikoak konbinatzen eta aberasten ditu, eta garai bitxi hau bizi dugunok horretaz gozatzeko aukera dugu. Leizeetan gure arbasoek, ziurrenik, zinemarekin egingo zuten amets, bisonteen marrazkien gainean eta ehiza-irudien gainean itzalak proiektatuz. Zinema, izan ere, pantaila baten gainean gure ametsak, gure fantasiak eta gure desioak proiektatzea baita.

Gizateriaren desiorik zaharrenetako bat edertasun absolutua erdiestea da. Formarik perfektuenak mirestea gutiziatzen dugu, baina dohain hori jainko-jainkosei esleitu zaie betidanik. Imajinatzen dut antzinako greziarrek (izan ere, egiptoarrek nahiz Ekialde hurbileko Lurralde Emankorretako gainerako inperioek –gaur egun, zoritxarrez, materialki nahiz espiritualki suntsituak– zituzten jainkoak ez ziren hain giza itxurakoak, sarritan animalien itxura hartzen baitzuten), Historia, Artea, Poesia eta ia arte guztiak asmatu zituzten greziar haiek, parerik ez zuen edertasun baten jabe amestuko zituztela beren jainko eta jainkosak. Orduz geroztik Olinpoko biztanleak irudien bidez agertzeko garatutako ikonografiak etengabe errepikatu du duela bi mila urtez geroztik batere aldaketarik izan ez duen edertasun-eredua. Eta ertz eta biribiltasun perfektuak zituzten gorputz atletiko horien koroatze gisa, Apoloren aurpegi xarmagarria. Izaki ahaztu haien edertasun jainkotiarrak bazuen zer miretsia: begirada liluragarria (hilkorrak beren desioetara erakartzeko erabiltzen zutena, haien bizitza dibertimendu huts gisa hartuta), zetazko adatsa eta imajina dezakegun beste edozein dohain. Esango nuke, nahiz badakidan ur handitan sartzen ari naizela, gaur mundua dibertigarriagoa izango zatekeela, Olinpiar sinesmena Lurretik desagertu izan ez balitz.

Hala eta guztiz ere, bi mila urte geroago, zinematografoak neurri batean berpiztu egin ditu antzinako arbasoek miretsi eta gurtutako izaki haiek. Zinemari esker –pantaila batean proiektatutako amets eta desioez gain– Divak berreskuratu ditu gizateriak. Divak santuen pare gurtu izan ditugu eta miresmen handia eskaini. Garbo, Dietrich, Monroe, Hepburn, Stanwych, Bergman, Gadner, Taylor, Magnani, Lombard, Hayworth, Leigh, Loren, Swanson, Colbert, Novak, de Havilland, Crawford edo Davis, harri-kartoiz, couché paperaz, negatiboez, alfonbrez, diseinu paregabeko soinekoez eta bizimodu gorabeheratsuez beteriko Olinpo berri honetako biztanleetako batzuk baino ez dira. Emakume horiek, Divak, erreginak dira unibertso honetan, eta gizon galaiak laguntzen diete, baina artista horien edertasuna goresteko eta babesteko bakarrik, interpretaziorako dohainak alde batera utziz (asko benetan aktore bikainak ziren), beren edertasunagatik eta paratzen jakiteagatik erdietsi baitzuten jainkosen erreinua. Diva horiek mirestera bultzatu gintuen aura bat zutelako inguruan.

Industriak goratu egin zituen; sarritan, eraldatu ere bai, haien hortzeriak portzelanazko bihurtuz, eta haien gerriak, hain mehar eta lirain bilakatuz, ezen mendebaldeko gizonkoteek esku bakar batez jasotzen zituztela amestu nahiko bailukete. Ordea, batzuk ikaragarri zorigaiztokoak izan ziren beren bizitza pribatuan. Beste batzuk modu misteriotsuan hil ziren edo, besterik gabe, beren buruaz beste egin zuten. Nolanahi ere, gertaera horiek ez zuten haien jainkotasuna ezbaian jarri; aitzitik, kasu askotan Divek iruditeria kolektiboaren barruan erdietsi zuten miresmena sendotzen lagundu zuten (lehendik ere nahikoa sendoa), eta hala, milioika pertsonek oheburuen gainean jarri zuten beren Divaren argazkia.

Haiek, Diva irudien atzealdean zeuden hezur-haragizko emakumeak, hil egin ziren edo ahaztu egin genituen industria haietaz nekatu zenean, zahartu zirenean, gazte etorriberriek tronutik erauzi zituztenean edo haien senar jeloskorrek ostu zizkigutenean (Kellyren kasuan, esaterako). Dena den, Divak, eta haiekin batera zihoazen irudi, ikono eta ametsak, ez ziren sekula hilko. Zeozergatik, hilkorren gainetik zeuden. Zeozergatik sakrifikatu zituzten beren giza bizitzak Diva bihurtzeko.

Óscar Hernández Campanoren eskutik.
Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo.