Bost film lehiatuko dira V. Sebastiane Latino saria eskuratzeko

 

Sariak sexu- eta genero-aniztasuna ondoen islatzen dituzten filmak errekonozituko ditu

Sebastiane Latino saria Gehitu elkarteak ematen du, urtero, lesbiana, gai, transexual eta bisexualen aldarrikapen eta balioak hobekien adierazten dituen Latinoamerikako film luzea saritzeko. Epaimahaia Latinoamerikako LGBT (Lesbiana, Gai, Bisexual eta Transexualak) zinemagintzako adituz eta GEHITUko (Euskadiko LGBT elkartea) kidez dago osatua. Urteko ekoizpenaren gehiena ikusi ondoren, epaimahaiak emakumezko pertsonaiak protagonista izan eta emakume transexualen barru-barruko errealitatea islatzen duten filmak nabarmendu nahi ditu. “Prostituzioaren moduko estereotipoetatik urrun dauden erretratuak dira, nahiz eta, maiz, eguneroko bizitza aurka duten pertsonaiak bihurtu istorioetako ardatz”, adierazi du epaimahaiak.

Azaldu dutenez, androginiak eta drag munduak ere presentzia handia izan dute, eta “agerira ekarri dute zein mehea izan daitekeen sexu bat bestearengandik bereizten dituen hesia. Zehazgabetasun hori, hirugarren sexua, fisikoaz edo etiketez harago doan norberaren nortasunaren bilaketa bat da; izan ere, betiere gizakia soilik datza azpian”.

 

“Familia molde berri” delakoek ere presentzia izaten jarraitzen dute, eta erakusten dute dagoeneko ez direla hain berritzaileak, baliozko aldagai emozionalak baizik”, ondorioztatu dute.

 

Hona hemen V. Sebastiane Latino sarirako finalistak:

 

Corpo Eléctrico, Marcelo Caetano-rena (Brasil)
Elías berria da São Paulon, atsedenik gabe lan egiten du oihal-fabrika batean eta beste gizon batzuekin dituen amodio-kontuetan ematen du bere denbora librea. Badator uda, beroa areagotzen doa, eta denboraldia amaitu aurretik bukatu behar da lana. Eta oso denbora libre gutxirekin, Elías bere lekua bilatzen saiatzen da, bakardadeari aurre egiteko moduak diren adiskide zahar eta berrien artean.
Primavera, Santiago Giralt-ena (Argentina)
Talde-istorio bat da, oso almodovariarra, eta ohiz kanpoko familiek ere besteen arazo berberak dituztela erakutsi nahi du. Filmaren ardatza Leopoldo da, artistaz inguraturik hazi den 11 urteko haur bat. Udaberriko hiru hilabeteetan (filma irailaren 21ean hasi eta Eguberri egunean amaitzen da), mutikoak amodioa ezagutuko eta lehen amodio-penak biziko ditu.
Señorita María, la falda de la montaña, Rubén Mendoza-rena (Kolonbia)

Boavita nekazal herri kontserbadore eta katolikoko mendietan, María Luisa andereñoa bizi da. Berrogeita lau urte ditu, eta mutil jaio bazen ere, emakume janzten eta sentitzen da. Bakartia eta txikitatik ukatua, María Luisak indar etengabea aurkitu du bere barruan eta inguruko elkartasun-keinu txikietan. Andra Maríarengan duen fedea eta animaliekiko maitasuna ere pertsonaia kutun honen euskarri dira.

Erretratu aztoragarri eta biziki gizatiar honek nahitaez bihurtzen gaitu makurkeriaren eta edertasunaren, naturalaren eta kulturalaren, berdingabearen eta ukaezinaren eta taldearen indarraren lekuko.

Una mujer fantástica, Sebastián Leilo-rena (Txile)
Marina, gauetan zerbitzari dabilen gazte bat, eta hura baino hogei urte zaharrago den Orlando beren elkarbizitza planifikatzen ari dira. Orlando ez dago ondo. Marinak larrialdietara eramango du, baina Orlando ospitalera iristean hilko da. Hala ere, bere dolua egin ahal izan ordez, Marinak, emakume transexuala denez, bere bizitzan borrokatzeko erabili duen indar berberarekin egin beharko dio aurre, gaur egun dena bihurtzeko: emakume konplexua, indartsua, sutsua… zoragarria.
El diablo es magnífico, NIcolás Videla-rena (Txile)
Manu izaki androginoa da, afeminatua, baina ez dio bere sexuari uko egiten; aitzitik, nahiago du kontuan ez hartu. Txiletar immigrantea Parisen, nekatuta dago hiriko etsaitasunaz eta ezegonkortasunaz, eta Frantzian hamar urte igaro ondoren Txilera itzultzea erabakiko du. Azken egun horietan maitasunaz eta sexuaz hitz egiten duten hainbat bide ibiliko ditu.

www.premiosebastiane.com