GAZTEGEHITU. Nortasun agiri nazionala, baina, noren nortasunarena?. Xabier Lozano Pajuelo
Gizakia, benetan izaki bitxia da. Geroz eta gehiago kexatzen gara gure gizartea geroz eta materialistagoa delataz. Baina, aldi berean, gu geu gara berez inongo baliorik ez duten gauzei zekulako balioa ematen dieguna. Paper eta txapa puska batekin dirua egiten dugu eta plastikoarekin, pertsonen nortasuna zehaztuko duen Nortasun Agiri Nazionala. Agiri hau, derrigorrezkoa da eta, noski, agiri ofizial guztietan bezala, gezurrak esatea debekaturik dagoela diote.
Baieztapen honi sinesgarritasuna eman nahiean, bertan azaltzen den izenaren generoa eta agertzen den sexuak bat etorri behar dela diote. Hau, agiriaren jabearen duintasuna babesteko dela diote. Baina, baldintza guzti hauen helburua norbanakoaren duintasuna babestea bada, norbaitek bere nortasun agiriko datuak okerrak direla zalatzen badu eta agiriak sexu bat aldarrikatzen duen arren, bera bestekoa dela adierazten badu, zer gertatzen da? Berez, arau honen helburua agiriaren jabearen duintasuna babestea bada, inongo trabarik gabe eta ahalik eta azkarren aldatzeko aukera eskaini beharko liokete. Baina, noski, gehiengoetan gertatzen den moduan, gehiengoaren iritzia eta usteak norbanakoaren duintasunaren gainetik daude. Azken finean, norbanakoaren autodeterminazio eskubidearen gainetik, auzian zer ikusirik ez duten hirugarrengoen uste eta iritzi hutsak bait daude. Ezetz?
Sexua aldatzeko, legeak, gutxienez bi urtez, tratamendu hormonalean egotea eskatzen du. Diotenez, hau, identifikatu behar zaituztenean zu zarelataz zalantzarik ez egoteko da. Noski, izan ere, garrantzitsuagoa da zurekin zer ikusirik ez duen norbait gustura geratzea, zure benetako nortasuna, Nortasun Agiri Nazional batean islatzea baino.
Baina tira, denbora honetatik aurrera, ez zenuke inongo arazorik izan beharko. Baina, zer gertatzen da denbora hori bete bitartean? Ba, 2012an Euskal Autonomi Erkidegoan onarturiko “14/2012 legea, ekainaren 28koa, transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa”-n, II. kapituluko 7. artikuluan, Euskadin balio legala izango duten, behin-behineko administrazio-agiriak eskainiko direla dio. Baina, legea argitaratu eta bi urte geroago, oraindik ere ez dugu agiri hauen berri, 2014ko ekainean irtengo zirela hitz eman ziguten arren.
Egia da, agiri hauek irteten direnean ere, ez dutela inongo baliorik izango Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik kanpo eta, hemen bertan ere, agiri desberdin bat izango litzatekela. Baina, eguneroko bizia asko erraztuko liguke. Tontakeri bat dirudien arren, egunean zehar egoera ugaritan identifikatu behar gara, adibidez: txartelarekin ordaintzerakoan, garraio publikoetako txartelek ere izena eta argazkia eraman ohi dituzte, gaztea izan ezkero, tabakoa edo alkohola erosterakoan ere NANa erakusteko eskatuko dizute hainbat lekutan edo zenbait tabernatan sartu ahal izateko. Egoera hauen aurrean, zure nortasunarekin bat ez datorren agiri bat erakutsi behar izatea, egin behar izaten den maiztasunarekin, ez da batere atsegina eta, behin-behineko agiri honek, zenbait txartel zure nortasunarekin izatea ahalbidetuko luke, NAN moduan erabiltzeko aukera emateaz gain.
Modu honetara, hasieran aipatu bezala, teorikoki, zure duintasuna babesteko ezarririko arau bat, zure duintasunaren aurka doan zerbaitetan bihurtzen da. Egoera ugaritan, azalpenak eman edo zu ez zaren norbaiten moduan tratatua izatera etsi behar izanez. Edonola ere, zerbait benetan neketsu, deseroso eta amorragarria.
Baina, noski, beti daude lehentasunak eta hamaika gai topatzen dituzte jorratzeko, hau baino erosoagoak gertatzen zaizkietenak. Beraz, betiko moduan, gutxiengoen taldean bazaude, zure eskubideek ez dute axola, egun berezietan txapelen bat janzteko ez baldin bada, noski. Horrelakoetan, guztiek izaten dituzte asmo onak eta hitz politak. Gainontzekoetan, berriz, zain egoterik besterik ez da eta zuretzat garrantzitsua bada, hor konpon marianton, plastiko puska batek, zure sentipenek baino gehiago agintzen jarraituko bait du, zure nortasuna zehazterakoan.
Xabier Lozano Pajuelo
Miembro y voluntario de GAZTEGEHITU
gazte@gehitu.org
Artículos Relacionados
Eman izena Gehituren Whatsapp taldean
Gure ekintzen berri izan nahi Whatsapp bidez? Zure mugikorreko kontaktuetan Gehituren zenbakia sartu 607 829 807 eta bidali ALTA hitza eta IZEN-ABIZENAK, hedapen-zerrendan sar zaitzagun. Mezu horiek jasotzeari utzi nahi izan ezkero berriz, bidali BAJA hitza.