Gogoan al duzue Little Britainen “only gay in the village”-ren sketcha? Ba 70. hamarkadan, Cácereseko langile-auzo batean, luzaroan sentitu nintzen herriko maritxu bakarra.
Gainontzekoen begiradak mihatzen nituen, ni bezalakoa izan zitekeen norbaiten bila. Arrakastarik gabe. Auzoko putasemeek egunero jazartzen eta iraintzen ninduten “desberdina” izateagatik, eta nire bakardade jipotu horrek eraman ninduen erralitatea sahiesteko komikiak erabiltzera. X Patruila zen nire kuttunena. Erraza zen haiei begirunea izatea. Gizarteak desberdinak izateagatik arbuiatzen zituen, eta horregatik, benetan zer ziren ezkutatu beharrean zeuden. Ni neu bezala, hain zuzen ere.
Umemokoa nintzela, sinestera iritsi nintzen nire arazoa, beharbada, horixe zela: hots, mutante bat nintzela. Maritxuaz gain, noski. Falta zitzaidan bakarra nire super-boterea zertan zetzan aurkitzea zen, eta jazartzen ninduten aluen aurretik igarotzen nintzen bakoitzean, begietatik izpi bat bota nezakeela irudikatzen nuen, haiek errauts bihurtuz, edo harrizko edo berunezko gizon bat bihurtzen nintzela, super-ostia baten bidez guztiak suntsituz. Gauza horietan kontzentratzera ere iristen nintzen. Begiak itxi eta pentsatzen nuen: “Izpia ekin!” “Super-sua!” “Izar arteko megaplasma, akabatu itzazu!”. Orduan begiak irekitzen nituen eta hantxe ziharduten, haien algarekin eta entzefalograma lauarekin. Ez da munduan mutante sentitu eta super-botererik ez edukitzeak adina zapuzten duen gauzarik.
Nerabezarorarte izan nuen nirekin X patruila. Nire barruan super-botere bat aurkitzeko beharra nabaritzen nuen, auzo osoak Kripton izeneko hilzoriko planeta batetik jaurtitako meteorito itxurako ontzi batean bidaiatuz iritsi izan banintz bezala trata nintzan, nire ama ni nintzen homosexual hartaz nire 3 anai heterosexualetaz erditu zen naturaltasun berarekin erditu izan beharrean. Haurdun zegoela, laborategi sekretu batean armiarma mutante batek ziztadaren bat egin al zion akaso? Ba ez. Ni maritxua nintzen eta kitto.
Hogeita hamar urte baino gehiago igaro zirela, nire lagunik onena nire besoetan hil zen, eta modurik leloenean, super-botereak izan nahi zituen haurra nigana itzuli zen. SAMUR zerbitzua nire lagunaren bihotzak oraindik taupadak egin zitzan ahalegintzen zen artean, haur horrek nire buruari garraisi egiten zion hurbil nendin, botere horrek nolabait nire barruan egon behar zuela eta gizon hari bizia itzultzeko balio behar zuela. Bere heriotza egiaztatu eta bere gorpua eramateko estalkia lotzen hasi zirenean, botereak izatea amesten zuen haur horrek eskutik tira egiten zidan lagunaren gorpura hurbil nendin eskatuz, nire maitasunak berpiztuko zuelako. Ni nintzen pertsona helduak ezin izan zuen mugitu. Ez eta etengabe negar egiteari utzi ere. Egun horretan desagertu zen haur hura, eta berarekin batera, super-botereak zituen pertsonak existitzen ote ziren neukan itxaropena.
Baina oker nengoen. Aspaldian hasi naiz topatzen super-heroiak egiazkoak direla. Gayak, lesbianak, trans eta heteroak. Guztiak haien super-botereen jabeak, nahiz eta botere horiek ez duten izpiak jaurtitzearekin, super-indarra edukitzearekin edota hegan egitearekin erlaziorik.
Roger Mbédé kamerundarra eraila izan da. 3 urte eman zituen espetxean beste gizon bati “Zurekin maitemindua nago” zioen SMS bat bidaltzeagatik homosexualitatea delitua den herrialde batean. Espetxean eraso fisikoak jasan zituen. Espetxetik kanpo jazarria, mehatxatua eta arbuiatua izan zen lana, bizilekua, hezkuntza edota ezinbesteko osasun-laguntza eskatzerakoan. Erasoak eraso eta sufrimendua sufrimendu, Rogerrek publikoki adierazi zuen “anti-gay” legediaren aurkako bere jarrera. Berak zioen Kamerungo beste gay, lesbiana, bisexual eta transexualek berak jasandakoa etorkizunean jasan behar izan ez zezaten egiten zuela. Ez al zaudete ados super-heroi bat bakarrik izan daitekeela halako zerbait egiteko gai?
Nils Pickert emakumeen soinekoak janztea, azazkalak margotzea eta makillatzea gustoko duen 5 urteko mutiko baten aita da. Bera emakumeen arropa erabiltzen hasi da bere semeari laguntza emateko. Gizonezkoei eta emakumezkoei atxikitutako aurreiritziak ukatzen dituen edozein jokaera indarkeriaz zigortzen duen gizarte batean, niretzat bai aita zein semea super-heroiak dira.
Gertuko lagun ditut ez zegokien gorpu batean jaiotako emakumezko asko, zoriontsu izateko helburuarekin emakume bilakatu izanaren super-boterea dutenak. Haiek egunero egiten dute borroka edozein gizabanakoren giza eskubideen gainetik bere morala ezarri nahi duen aurreiritziz jositako gizarte baten aurka.
Lagun lesbiana baten pisukidea izan ondoren, ziurta dezaket mundua sortu izana jainkotasunen bati egozterik badago, zalantzarik gabe Jainkosa bat dela, emakumea eta lesbiana. Mutilak, ez dezagun gure burua engainatu: guardia zibil hark burututako 7 larru-jotze jarraien balentria, etengabe telebistan azaldutakoa, salbuespen bat da, telebistaren kontura dirua irabazteko gezurra ez bada behintzat. Guk soilik bakarra jasan dezakegu, agian bi… hiru talka gau berean, asko jota? Neskei, Jainkosak etengabeko orgasmoaren super-boterea eman zien. Eta super-botere hori soilik beste emakumeekin parteka dezakete, gizonei txortan egin ostean zurrungaka lo geratzeko “boterea” eman baitziguten. Neska hetero maiteak, hainbat apaiz homofobok egindako iragarpena beteko balitz ere, hots, homosexualiteak gizateria desagerraraziko balu ere, ez zaitezte gera zuen super-boterea beste neska batekin dastatu gabe. Hala da: emakume guztiak lesbianak liratekeen mundu batek gizateria txotxolo hau desagerraraziko luke, baina ez dut uste apokalipsiari ekarpen hoberik egin dakiokeenik… etengabeko orgasmo bat baino!
José A. Estévez
Artículos Relacionados
Eman izena Gehituren Whatsapp taldean
Gure ekintzen berri izan nahi Whatsapp bidez? Zure mugikorreko kontaktuetan Gehituren zenbakia sartu 607 829 807 eta bidali ALTA hitza eta IZEN-ABIZENAK, hedapen-zerrendan sar zaitzagun. Mezu horiek jasotzeari utzi nahi izan ezkero berriz, bidali BAJA hitza.