Aurten ere, LGTBIQ+fobiaren nazioarteko egunean, asko atsekabetzen gaitu egun horrek oraindik ere beharrezko izaten jarraitzeak. Urtebete ere ez da igaro Samuel Luiz gazte galegoa indarkeriaz hil zutela eta, hori gutxi balitz, serieko hiltzaile baten kasua ezagutu dugu azken asteotan. Erasoek, irainek, isekek eta diskriminazioak ohiko izaten jarraitzen dute eta Gehituk ez ditu horiek arau orokor gisa hartu nahi.
Euskal Autonomia Erkidegoak egindako txostenen arabera, areagotu egin da gorroto gertakari eta delitu kopurua azken urteotan, 2021ean batez ere.
Horregatik, agintariei eskatzen diegu kolektiboa babesteko eta gure eskubideak defendatzeko premiazko neurri eraginkorrak har ditzatela. Halaber, deia egiten diegu gertakariak argitzeko beharrezko giza baliabide eta baliabide materialak eskain ditzaten eta biktima eta senideei dagokien arreta eman diezaieten, bereziki hildakoak egon diren kasuetan. Izan ere, hala egin ezean ez dira gure eskubideak bermatzen ariko.
Halako gertakariak ekiditeko eta erasotzaileak zein gizartea berrezteko prebentzio-politika eraginkorrak sortu behar dira. Horregatik, biktimarioekin modu pertsonalizatuan lan egiteko planak sor ditzatela eskatzen dugu, horiek direlako euren portaera aldatu behar dutenak; ez, ordea, modu askean bizitzera animatzen ditugun LGBTIQ+ pertsonak. Isiltasunak ez gaitu babesten, isolatu baino, eta Gehituk uste osoa dauka kolektiboaren indarrarengan.
Horretarako, Eusko Jaurlaritzari eta Parlamentuan ordezkariak dituzten alderdi politikoei eskatzen diegu elkarlanean aritu eta neurri praktikoak hartzeko batu daitezen. Besteak beste, funtsezkoa iruditzen zaigu euskal lege integral baten bidez legezko esparru bat egituratzea, funtzio pedagogiko argiak dituena eta kolektiboari aho batez babesa adierazten diona dauzkagun problematika eta biolentzia sistemikoaren aurrean. Lege espezifiko, transbertsal eta integral bat behar dugu indarkeria espezifiko zein transbertsalarekin amaitzeko.
Gizartea sumindu egiten da eta babestu egiten gaitu, eta hori aintzat hartzen dugu. Baina, ez dugu ahazten gertakari horien guztien atzean dagoen LGTBIQ+fobia. Gizarteari eta, batez ere, instituzioei eskatzen diegu LGBTIQ+ pertsonen aurkako indarkeriaren kontrako protesta eta mobilizazioak egiten jarrai dezaten.
Jende askoren oinarrizko eskubideen defentsa dago jokoan, baita euskal gizartearen eta instituzioen konpromisoaren inguruko irudia ere.
Related posts
Bilatu
Eman izena Gehituren Whatsapp taldean
Gure ekintzen berri izan nahi Whatsapp bidez? Zure mugikorreko kontaktuetan Gehituren zenbakia sartu 607 829 807 eta bidali ALTA hitza eta IZEN-ABIZENAK, hedapen-zerrendan sar zaitzagun. Mezu horiek jasotzeari utzi nahi izan ezkero berriz, bidali BAJA hitza.