LGBTIAQ+ Euskal Behatokian lan egiten dugun elkarteok aspalditik ari gara jasotzen polizia-erakunde desberdinetako langileen tratu desegokiak jasan dituzten pertsonen kontsultak, iruzkinak eta salaketak, batez ere, gizonekin sexua duten gizonenak (GSG) eta kolektibo horretako pertsona arrazializatuenak.
Ia kasu guztiek zerikusia dute leku publikoetan egiten diren polizia-jarduketekin, baina baita hirugarren batzuen mehatxuen aurrean babesik ez ematearekin ere, hirugarren horiek, pixkanaka eta gero eta ekintza bortitzagoen bidez, kolektiboko pertsonak modu antolatuan jazartzen, iraintzen eta erasotzen dituztenean.
Ez da gure erkidegoan bakarrik gertatzen ari den zerbait, Estatu osoko hainbat hiritan beste elkarte eta behatoki batzuek antzeko kasuak jaso baitituzte. Horregatik da hain garrantzitsua halakoak prebenitzea eta eragoztea zigortu gabeko eta ohiko eraso gisa zabal daitezen.
Hala, polizia-agenteek modu umiliagarrian identifikatu dituzte LGBTIAQ+ kolektiboko pertsonak, baita immobilizatu ere; edo isunak jarri dizkiete Herritarren Segurtasuna Babesteko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoaren (“Mozal Legearen”) artikuluetan oinarrituz. Zehazki, 37.5 artikulua oinarri hartuz, zeinetan arau-hauste arintzat hartzen baita (100 eurotik 600 eurora bitarteko isuna) sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako ekintzak egitea edo horiek egitera bultzatzea, edo erakuspen-egintza lizunak gauzatzea, zigor-arloko arau haustea ez denean.
Zenbaitetan, jakin badakigu polizia horien arduradunek ezarritako operatiboen esparruan egin dutela, uniformerik gabeko agenteak cruising-espazioetan “amu” gisa jarriz leku horietako erabiltzaileak haiengana hurbil daitezen, horrela, gero salaketa egin ahal izateko (oso gai serioa da, baita zigor-arloan ere, arau-hauste bat egitera bultzatzea delako). Poliziak hemen frankismo-garaian edo beste herrialde batzuetan hori bera egin izan du. Oso kasu ezaguna izan zen George Michael abeslariarena, Kalifornian gertatutakoa.
Zuri antzeko zerbait gertatzen bazaizu, ez sinatu ezer. Hori egitean, zure “erruduntasuna” aitortzen duzu, eta atea ixten diozu gertaerak salatzeko aukerari. Aitzitik, poliziei beren burua identifikatzeko eskatu behar diezu. “Kalez jantzita” ari badira ere, beren identifikazio-zenbakia (plaka-zenbaki ospetsua) eman behar dizute, eta agintaritzaren agenteak direla frogatu behar dute. Ahal baduzu eta lekukorik badago, haiei ere eskatu harremanetarako datuak. Eta deitu iezaguzu lehenbailehen, edo eskatu aholkularitza 028 zenbakian (doakoa 24 orduz).
Horrek ez du esan nahi Behatokia osatzen dugun elkarteok uste dugunik polizia-erakunde guztietako pertsona guztiak LGBTIAQ+fobikoak direnik, definizioz. Topiko hori, antzeko arrazoietan oinarrituta, medikuntzako edo Justizia Administrazioko profesional jakin batzuetara heda genezake. Eta orokortze hori ere ez litzateke egia izango.
Zoritxarrez, badakigu oso zaila dela polizia-erakundeen botere-abusuren baten biktima den edozein LGBTIAQ+ pertsonak guardiako epaitegian edo polizian bertan salaketa jartzea bertako edo beste polizia-erakunde bateko agente baten aurka. Errealitatea ukatuko genuke, baldin eta onartuko ez bagenu nahikoa arrazoi badugula urrats hori egin eta horrelako gertaerak eta horien egileak pertsonalki salatzeko beldur izateko. Salaketa jartzeak eragin dezakeen kalte pertsonal eta ekonomikoagatik, atzerapenengatik edo babesten gaituzten eskubideak eta horiek baliatzeko moduak ez ezagutzeagatik. Eta, batez ere, teorikoki babestu beharko gintuzkeen sistemarekiko beldurragatik eta mesfidantzagatik. Horregatik guztiagatik, objektiboki eta nagusiki: ez dugu salaketa jartzen. Salaketa jartzeak pertsona askorentzat handiegia den oztopo bat gainditzea da.
Elkarte batzuek, ordea, ekimenak abiatzeko ahalmena eta gaitasuna dugu. Salaketa jar dezakegu eta, behar izanez gero, aurkeztu gaitezke, kasuaren arabera, akusazio partikular edo herri-akusazio gisa (hala egiten ari gara Bilboko erailketen prozesuetan). Fiskaltzari ere eska diezaiokegu kasu jakin batzuetan jarduteko, eta, bereziki, gorroto- eta diskriminazio-delituetan espezializatutako fiskaltzari. Eta, era berean, izapideetan doako aholkularitza juridikoa eta laguntza eskain diezaiokegu behar duenari, adibidez, eskura dauden zerbitzuak erabiltzeko, hala nola biktimek gutxi ezagutzen eta erabiltzen duten Biktimei Laguntzeko Zerbitzua.
Ez dugulako dena jasan behar. Gure askatasuna eta gure eskubide legitimoak defendatzeko eskubidea dugu.
Bakarrik zaurgarriak izatera irits gaitezke, baina batasuna da gure indarra.
Euskal LGBTIAQ+ Behatokia elkarte-federazio bat da, eta benetako edo hautemandako sexu-ezaugarrietan, genero-identitatean eta -adierazpenean edo orientazio afektibo-sexualean oinarritutako edozein delituren, gorroto-diskurtsoren eta indarkeria edo bereizkeriaren prebentzioan eta salaketan lan egiten du, senideei edo hurbilekoei eragiten dietenak barne, eta, aldi berean, LGBTIAQ+ pertsona guztien eskubideen berdintasun erreala eta eraginkorra sustatzen du.
Harremanetarako:
Helbide elektronikoa: euskalgtbi.behatokia@gmail.com
Telefonoa. +34 681 870 433
Estatu mailako doako Arcoiris telefono-zerbitzua, 24 orduz: 028
Mozal Legearen aplikazioa LGBTIAQ+ kolektiboaren aurka
Related posts
Bilatu
Eman izena Gehituren Whatsapp taldean

Gure ekintzen berri izan nahi Whatsapp bidez? Zure mugikorreko kontaktuetan Gehituren zenbakia sartu 607 829 807 eta bidali ALTA hitza eta IZEN-ABIZENAK, hedapen-zerrendan sar zaitzagun. Mezu horiek jasotzeari utzi nahi izan ezkero berriz, bidali BAJA hitza.