Gehitu, lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualen euskal elkarteak (LGTBI), Donostiako taberna batean gertatutakoaren inguruan duen jarrera argitu nahi du. Bertan bi mutil elkarri muxu ematen ari ziren eta tabernariak gelditzeko eskatu zien. Gertaera berehala zabaldu zen sare sozialetan eta hortik hedabideen edizio digitaletara. Gehituk, albistearen berri izaterakoan, zabaldu ez ezik, lehen balorazioak egin zituen sare sozialetan. Geroago, ordea, albistea kendu egin zuen, uste zuelako auzipeko aldeen eskubideen ikuspegitik gaia berme guztiekin prozedura batean bideratu behar zela. Horrez gain, gertakarian parte hartu zuten bi mutil homosexualei laguntza eta babesa eskaini zien.

Gertaera honen aurrean, gogoratu nahi dugu euskal administrazioetan ez dagoela bide egokirik joera homosexualagatik edo homofobiagatik gertatzen diren bereizkeria kasuetan salaketak aztertu eta ebazteko. Horregatik, Gehituk, beste behin ere, euskal lege bat onartzea eskatzen du, LGTBI pertsonen benetako berdintasuna bermatzeko. Prozedura judizial penalaz gain, prozedura administratibo bat egon beharko litzateke salaketak aztertu eta, hala badagokio, zigorrak ezartzeko. Azkenik, iritzi publikoari eta ostalaritza-establezimenduei hausnarketa bat helarazi nahi diegu: maitasun heterosexualaren eta homosexualaren adierazpenak espazio publikoetan edo aisialdian epaitu eta gaitzesteko parametroak berdinak al dira? Egiari zor, oraindik ezberdintasun handiak daudela uste dugu eta jarrera hori diskriminatzailea da.