Edozein herriko jaixetan, maitalea harrapatu eta ondoko egunetan, xuxurla eta aitorpen, kideak bisexuala dela aitortzen dizun unea nahikoa uhergarria da. Bat-batean zaren lesbianak halako zalantza bat ernatzen nabaritzen du erraietan, sexu ezberdineko lagun baten trukean abandonatua izateko arriskuarena, lanjerrarena zergatik ez erantsi. Zure bizi-laguna ezezagun hutsa dela konturatzen zara, arrotz eder bat hots.

Beldurraz harago jolasten ahal da, halaber, bisexualitatearen kontzeptuarekin. Filma frankotan ikus dezakegu nola baliatzen diren bi sexuen tasunak eta keriak, kordokak aitzina arazteko edo hondarrean askatzeko. Howard Hawks-ek 1953an bilduriko Gizonek blondak nahiago dituzte handios hartan adibidez, trabestiaz gain, genero bikoitzen jokoa garatzen zihoan Marylin Monroe eta Roger Mooren erraldoien artean.

Gizonezkoekin bezain emakumezkoekin dabilen emakume lesbianak berak ere ez du beti ongi bizitzen bere jaidura. Gorputzak eskatzen dionaren menpe dagoela berresten du, besterik ezin duela, eta bi sexu-harreman moten premia daukala. Goizean gizonarekin oheratzen da eta emakumezkoarekin eramaten du arratsa telebistan post-porn kutsuko filma larderiatsuaz gozatzen, larrua jo aurretik.

Sokrates zuhurrak gai hauetaz asko bazekien Diotima andere jakintsuari esker. Bisexuala omen zen. Atenasko hiri bazterretan, troikaren zekenaz desjabetu langabetuen erditik zulatzen zuen filosofoarentzat, jendeak sexu biak dastatu zitzakeen. Batera ala aldizka. Bizitzan zehar. Gaztaroko sexualitatea ez zela zahartzarokoaren modukoa ebazten zuen Platonek izkiriatu elkarrizketetatik batean. Uste dut Banketea edo Oturuntza liburua irakurtzea baizik ez zaigula geratzen gogoak jabaltzeko. Umorez, ironiaz eta amodioz izkiriatua delako gainera…

Bisexualitatea bizi-urrats daukanarekin jarduteak agian filosofo egiten zaitu. Gaizki hartzeko partez, bikote anitzetan, libertate eta plazer eremu berri gisa ulertzen da bisexualitatea. Jabetza bekaitzak eta jeloskeria minberak orduan ez du lekurik. Sokrates oroituz irauten ikasten da eta Madonna distiratsuak (niretzat) Marylinen itzaletik abesten zuena errepikatzen, irri zozo bat ezpainetan: nobody is perfect…Eta alderantziz.

Itxaro Borda