Ekainaren 28a LGTBIAQ+ kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da. Egun horretan, kolektibo horren eskubideak eta askatasunak onartzeko lortutako aurrerapenak ospatzen ditugu kolektibo horretako kideek, bai eta giza eskubideen alde diharduten aliatuek ere, hala nola trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko egin berri den legearen bidez lortutakoak. Hala ere, eskubideen lorpen hori ideala izatetik urrun dago egoera askotan, eta egoera horiek guztiak salatzeko ere bada egun hori; izan ere, gaur egun oraindik kolektibo asko daude diskriminatuak, zapalduak eta ikusezinak. Gehitutik azaldu eta salatu egiten ditu egoera horiek.
Gogora dezagun iazko komunikatuan salatu zela 2021eko ekainean Basauriko Ekain mutil homosexualari egindako eraso bortitza, edo Samueli egindakoa, gure memorietan grabatuak geratu baitziren. Zoritxarrez, 2023ko ekainean ere beste gertakari homofobo batzuk salatu beharrean gaude; Yeissonek eta Brayanek, bikote gay migratzailea, herriko gazte batzuen eraso homofobo eta xenofoboa jasan zuten Billabonara iritsi eta ia hilabetera. Edo Gallartako jaietan gazte bati egindako eraso homofoboa.
Izan ere, 2022an soilik, gorroto-delituen 435 gertakari erregistratu ziren, horietatik 96 sexu-orientazioan eta sexu-identitatean oinarrituta (Euskadin 2022an izandako gorroto-gertakariei buruzko txostena, Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrak egina, Ertzaintzak emandako datuekin). Ezin dugu ahaztu, gainera, askoz ere handiagoa dela lgtbifobiak eragindako erasoen eta mikroerasoen kopurua; izan ere, biktima askok ez dituzte aitortzen edo ez dira salatzera ausartzen hainbat arrazoirengatik, besteak beste, agerian geratzeko beldurragatik oraindik armairutik atera ez direnean beren gizarte-, familia- edo lan-inguruneetan; edo prozesuan erakundeen indarkeria jasateko beldurragatik.
Hala ere, fenomeno horiek ez dira Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik gertatzen; izan ere, estatuan, guztira 466 gertakari erregistratu ziren sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik 2021ean, eta arrazakeriagatik eta xenofobiagatik izandako 639 kasuek baino ez zuten gainditu kopuru hori (Euskadin erregistratutako gorroto-gertakariei buruzko txostena).
Ospa dezakegu, neurri batean bederen, LGTBIA+ pertsonentzat, eta batez ere trans kolektiboarentzat, eskubide gehiago bermatzen dituen lege bat onartu berri izana, aukera ematen baitu erregistro-aldaketak genero-autodeterminazioan oinarrituta egiteko, kolektibo horrekiko indarkeria instituzionala sustatzen duten txosten patologizatzaileen beharrik gabe. Gainera, administrazio-zehapenak ezartzen dizkie konbertsio-terapiak sustatzen dituzten erakundeei eta intersex pertsonei genitalen mutilazioak egiten dizkieten profesionalei.
Hala ere, LGTBIA+ pertsonen eskubideen berdintasuna bermatzen duten legeak egon arren, oraindik ere irregulartasunak daude, lege horiek behar bezala betearaztea eragozten dutenak, eta salatu egin behar dira. Esate baterako, trans pertsonei izena eta sexua aldatzea mugatzen eta atzeratzen dieten gertakariak ikusten ari dira EAEko eta Estatuko hainbat erregistrotan.
Gehitutik ere eskatu nahi dugu aitortzeko LGTBIAQ+ kolektiboaren barruan dauden aniztasuna eta intersekzionalitateak, klasea, arraza, desgaitasun eta dibertsitate funtzionalak, erlijioa, adinekoak eta kolektibo migratzaileak barne hartuta. Errealitate horiek guztiek askotan jasaten dituzte erasoak, LGTBIAQ+ kolektiboko kide izateagatik ez ezik, gainerako kolektiboenak ere, eta horrek are kalteberago bihurtzen ditu talde horiek, indarkeria horien aurrean erantzuteko baliabide gutxirekin. Era berean, ezin ditugu ahaztu LGTBIAQ+ kolektiboaren barruan ikusezinak diren gutxiengoak, hala nola asexualitatea eta arromantizismoa, haietan eragina baitute gizarte aloendoziseteropatriarkalean gobernatzen jarraitzen duten eta gure kolektiboan asimilatu egin diren molde alozentristek, amatonormatiboek eta binaristek.
Aldarrikapen horiek guztiak sentsibilizazio faltaz eta gorroto-diskurtsoen sustapenaz elikatzen dira, gero eta indar handiagoa baitute eta gero eta gehiago bultzatzen baitira sare sozialetan eta komunikabideetan. Testuinguru horretan, are garrantzitsuagoa da ekainaren 28a, eta Gehitu elkartean arreta jartzen jarraitzen dugu gorroto-diskurtsoetan eta giza eskubideen urraketetan, eta gizartea animatu nahi dugu, egoera horien aurrean, esku hartu eta ozen sala ditzan.Atzera begiratzen badugu, ohartuko gara sexu- eta genero-aniztasuna gero eta onartuago dagoela gizartean, euskal gizarte osoak komunitate bidezkoagoa eta berdinzaleagoa eraikitzeko egin duen lanari esker neurri batean.
Related posts
Bilatu
Eman izena Gehituren Whatsapp taldean
Gure ekintzen berri izan nahi Whatsapp bidez? Zure mugikorreko kontaktuetan Gehituren zenbakia sartu 607 829 807 eta bidali ALTA hitza eta IZEN-ABIZENAK, hedapen-zerrendan sar zaitzagun. Mezu horiek jasotzeari utzi nahi izan ezkero berriz, bidali BAJA hitza.