Maiatzaren 17an, 1990. urtean, Nazioarteko Osasun Erakundearen Batzar Nagusiak homosexualitatea gaixotasun psikologikoen zerrendatik ezabatu zuen. Ordutik, data hori aldarrikapenez beteriko eguna bilakatu da, Homofobia eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna, hain zuzen ere. Horren harira, gizartea kontzientziatzeko jarduerak egiten dituzte urtero, eta horietako bat antolatu zuen iaz Intxaurrondon bizi den Leonard Martin ingelesak: «Zerbait erakargarria egin nahi genuen, eta surf taula baten gainean jendeak homofobiaren aurka surf egitea bururatu zitzaigun».
Hala ere, gutxi batzuk bakarrik animatu ziren, eta esperientzia ez zen espero bezain arrakastatsua izan. Horregatik, aurten, kaleko jarduerak alde batera utzi eta sare sozialen bidez egingo du aldarrikapena. Zure hitzak zaindu izeneko argazki proiektua jarri du abian Martinek, modu xumean eta lagunartean egindakoa.
Arrazakeriaren aurkako kanpaina batek ideia eman zion egun errealitate bilakatu duena egiteko. Izan ere, mikroerasoak oinarri hartuta, arraza ezberdinetako pertsonak osatutako argazki erakusketa bat ikusi zuen sarean. «Mikroerasoak kalean entzuten ditugun esaldi horiek dira, bigunak diruditenak, baina min handia egin dezaketenak». Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen (LGTB) taldearekin antzeko proiektu bat egin zezakeela pentsatu zuen, eta beste zortzi lagun eta ezagunen parte hartzeari esker, hemezortzi irudi biltzen dituen erakusketa bat osatu du. Argazkiak egiteko Lander Rezola argazkilariaren laguntza izan du, eta proiektuaren helburua bikoitza da: alde batetik, mikroeraso horiei erantzutea, ohiko estereotipoei aurre eginez; eta bestetik, sexu aniztasuna aldarrikatzea.
Fuente: http://irutxulo.hitza.eus
Artículos Relacionados
Eman izena Gehituren Whatsapp taldean
Gure ekintzen berri izan nahi Whatsapp bidez? Zure mugikorreko kontaktuetan Gehituren zenbakia sartu 607 829 807 eta bidali ALTA hitza eta IZEN-ABIZENAK, hedapen-zerrendan sar zaitzagun. Mezu horiek jasotzeari utzi nahi izan ezkero berriz, bidali BAJA hitza.