LGTBI+ Euskal Behatokiak abuztuaren 20an, 22:00ak aldera, Bilbon izandako beste
LGTBIfobia gertakari baten salaketa jaso du. Gertakari horretan, 17 eta 20 urte bitarteko
neska-mutil kuadrilla batek lau pertsona eraso zituen hitzez. Zehazki, horietako bat,
gizon trans bat, fisikoki iraindu eta mehatxatu zuten. Erasoak ez zuen okerrera egin,
talde erasotzaileko bi neskak esku hartu ondoren, erasoa jasan zuen taldeak bertatik
alde egitea erabaki baitzuen. Neskek fisikoki geldiarazi zituzten erasotzaileak, baina aldi
berean erasotzaileak justifikatu zituzten mozkorrak zeudela esanez.
Gertakari hori ez da azkenaldian Bizkaian eta, zehazkiago, Bilbon gertatu den bakarra.
Abuztuaren 6an, Bilboko artista drag bati hitzezko erasoak egin zizkion gazte-talde batek
metroan lanera zihoanean (E, marikoi hori, zer daukak zakila edo alua?, zakila zupatu
nahi didak, maritxu horrek?), larderia fisikoa jasan zuen (soinean zeramatzan kaskoak
kendu zizkioten, eta lekuz mugitzen saiatu zenean heldu egin zioten, mugitzea
galarazteko), baita heriotza-mehatxuak ere (gaur ez haiz bizirik itzuliko etxera). Hori
guztia gertatu zen ia beteta zegoen bagoi bereko gainerako bidaiariek hari laguntzeko
ezer egin ez zuten bitartean. Azkenean, andre batek esku hartu zuen biktima babesteko
eta gainerako bidaiariak lotsarazteko, eta, zorionez, erasotzaileak hurrengo geltokian
jaitsi ziren.
Uztailaren 25ean, Boluetako Santana/Fever diskotekaren kanpoaldean, Ángela C.,
emakume trans gaztea nahita harrapatu zuen gizon batek bere autoarekin. Egoera
kritikoan ospitaleratu zuten Gurutzetan, bi hankak txikituta zituela. Familiaren ustez,
gertaera horren egilearen motibazioak zerikusia izan zuen biktimaren sexu- edo generoidentitatearekin, eta hori zehazteke dago abian den ikerketan. Bitartean, sare sozialetan
iruzkin arrazista eta xenofobo ugari plazaratu dira, egilea atxilotzeko esku hartu zutenen
ezaugarri fisikoei eta ustezko jatorriari buruzkoak, baita biktimari berari buruzkoak ere,
denak ere, biktimak eta haren senideek merezi duten errespetutik oso urrun daudenak.
Behatoki honek dakiela, hiru gertakari horiei buruz Bilboko Udalak ez du inolako
adierazpen publikorik egin.
Gasteizeko jaietan, tamalez beste bi gertakari homofobo izan ziren. Lehena abuztuaren
8ko goizean, Alde Zaharrean, gizon-talde batek gazte bati ekin eta hura iraindu eta
bultzatu zuen. Beste gertakari bat hurrengo egunean, txosnen gunean, eraso fisiko
bortitz batekin eta irain homofoboekin. Bi gertakari horiei buruzko adierazpen publikoa
egin zuen abuztuaren 9an Gasteizko Udalak. Zoriontzekoa den erreakzioa.
Azkenik, Behatoki honek salaketa anonimo bat jaso du, kasu honetan Idiazabalgo
bizilagun batzuekin lotutakoa, dirudienez, herri horretan behin eta berriz gertatzen ari
diren irain eta hitzezko eraso homofoboei buruzkoa.
Horrelako gertakarien aurrean, Euskal LGTBI+ Behatokitik udalbatza guztiei, eta bereziki
haien arduradun nagusiei, jarduketa irmoak eta berehalako erantzunak eskatzen
dizkiegu. Horretarako, gure ustez, dagoeneko badute lanerako tresna on bat eskura,
Gorroto arrazista, xenofobo, antigitano eta LGTBIfobikoko gertakarien aurrean
tokian-tokian jarduteko gida, zeina Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta
Gizarte Politiketako Sailak sustatu baitu joan den uztailaren amaieran. Bertan dituzte
landu ditzaketen tresnak eta beren herrietako gertakarien larritasunaren arabera garatu
ditzakeen prozedurak.
Jaietako esparruak, gure herri eta hiri guztietako espazio publikoak eta, bereziki,
aisialdikoak, ezin dira bihurtu segurtasunik gabeko leku eta bazterkeria-leku, generoa,
orientazio afektibo-sexuala, identitatea edo sexu- edo genero-adierazpena edo
pertsonen sexu-ezaugarriak direla-eta.
Hori saihestea gure betebehar kolektiboa da. Behatoki honen iritziz, udal-agintarien
jarduna erabakigarria da hori lortzeko.