Ekainaren 20a pertsona errefuxiatuen eguna dela eta, ALDARTE, GEHITU eta LES BASQUES erakundeko kideok LGTBI kolektiboko pertsona errefuxiatuen eta asilo eskatzaileen errealitatean jarri nahi dugu begirada, “mugak baldin badaude, ez dago harrotasunik” lelopean.
17 elkarte baino gehiagoren aldarrikapenetara batuta, hauxe diogu:
- “Ezin da harrotasunik izan mugak baldin badaude”. Mugetan politika solidarioagoa aldarrikatzen dugu, oinarrizko eskubideetan zedarrituko dena eta pertsonen zirkulazio askea ahalbideratuko duena. Asiloa eskatzen duen errefuxiatu bakar bat ere ez da ilegala. Pertsona guztiak barne hartzen dituen gizarte bat nahi dugu, tartean beren herrialdeetatik ihes egin duten LGTBI komunitateko pertsona errefuxiatuak eta asilo eskatzaileak babesten dituena; eskubide osoekin eta baldintza-berdintasunean bizi eta garatzeko baldintzak sortuko dituen gizarte bat, LGTBI pertsonei eta kolektiboari dei berezia egingo diena.
- Herrialde seguruen kontzeptua desagertzea eskatzen dugu (Genevako Hitzarmenaren arabera). Ez gara soilik “herrialde” seguruez ari, baizik eta beren espezifikotasun, errealitate eta bizitzak dituzten pertsonekin dihardugu. Seguru gisa sailkatutako herrialde batek LGBTI pertsonak baztertu ditzake. Frantziako legeriak azkarregi kudeatzen ditu asilo eskaerak eskatzaileak teorian seguruak diren herrialdeetatik datozenean, herrialde horietan bertan dagoen LGTBIfobiarako testuinguru soziala kontuan hartu gabe.
- Dublin III prozedura kentzea eskatzen dugu. Edozein asilo eskatzailek bere inguruabar pertsonalentzako egokiena deritzon prozedura burutu ahal izan beharko luke, harrera herrialdean bere gizarteratzea errazteko, eskatzailea eta berari eragiten dioten elementuak prozesuaren protagonista izanik. Kasu batzuetan, ulertzen ez duten hizkuntza bat daukan herrialde batera bidali dituzten pertsonen adibideak ditugu (pertsona frankofono bat, Frantzian bizi zena, Alemaniara bidali dute Dublin prozeduraren ondorioz).
- Joera sexualarengatik edo genero-identitateagatik egindako asilo eskaeren prozesuari buruz:
- Gizarte-maila eta identitate kulturala bezalako irizpideak kontuan hartzea eskatzen dugu.
- Izapideen epeak laburtzea: ezin liteke urte bat egon asilo elkarrizketaren zain.
- Joera sexual, genero-identitate eta genero-adierazpenaren alorrean itzultzaileak trebatzea.
- Bideokonferentzia bidez egiten diren elkarrizketak kentzea, gizatasun eta konfidentzialtasun eza bezalako arazoak ekartzen dituzte eta.
- Asilo-eskaera aurkezten den unean bertan lana egiteko baimena ematea.
- Sexu-joera, genero-identitate eta genero-adierazpenaren alorrean trebakuntza eskaintzea asilo-eskaera prozesuan parte hartzen duten eragile guztiei: funtzionarioei, magistratuei, poliziei, gobernu-ordezkaritzako langileei, gizarte-langileei, OFIIko langileei (immigrazioaren eta integrazioaren Frantziako bulegoa), abokatuei, medikuei…
- Garrantzitsua da asilo-programetan dauden LGBTI pertsonen babesa sendotzea, esate baterako, errefuxiatuentzako pisuetan. Errefuxiatuen pisuen erabiltzaileentzako eta langileentzako sentsibilizazio eta trebakuntza tailerrak, LGBTI izan edo ez.
- Pertsona migratzaileekin lanean diharduten elkarteak babestea beharrezkoa dela aldarrikatzen dugu. Baliabide gehiago behar dira LGTBI pertsonei babes eta jarraipen zehatzagoa eskaintzeko eta, halaber, LGTBI pertsonen gizarteratzea sustatzeko.
- Erakundeen aldetik baliabide gabezia eta maiz zuzenean LGTBI pertsonei eragiten dieten murrizketak salatzen ditugu: udal-aterpetxeen itxiera (Bilbon bezala) edo baliabide ekonomikoen gabezia, LGTBI pertsonak kalean eta kalteberatasun handiko egoeretan utziz. Etxebizitza-zuzkidura ezberdinak modu nabarmenean handitzea eskatzen dugu eta LGTBI turismoa eta ekitaldi zehatz batzuk sustatzeko bideratzen diren funtsak LGTBI pertsona kaltetuenen beharrak asetzeko erabiltzea, kasu honetan, errefuxiatutako LGTBI pertsonen beharrak asetzeko.
Horrenbestez, eta gizarte zibilak, kasu honetan LGTBI pertsonek eta kolektiboek, LGTBI pertsona errefuxiatuekiko erantzukizuna dugula eta haien ongizatearen alde egin behar dugula uste dugunez, dirua biltzeko kanpaina bat abiarazi dugu larrialdietarako funts gisa, errefuxiatuak diren edo kalean dauden LGTBI pertsonen kasu larri eta kalteberenentzat.
Related posts
Bilatu
Eman izena Gehituren Whatsapp taldean
Gure ekintzen berri izan nahi Whatsapp bidez? Zure mugikorreko kontaktuetan Gehituren zenbakia sartu 607 829 807 eta bidali ALTA hitza eta IZEN-ABIZENAK, hedapen-zerrendan sar zaitzagun. Mezu horiek jasotzeari utzi nahi izan ezkero berriz, bidali BAJA hitza.