ITXARO BORDA
Dagoeneko ibilbide luzea egin duen Zilarrezko Gehitu Saria berriro eman da aurten. Urtean zehar edo bere ibilbidean LGTBIQ+ komunitateari babes publikoa eman dion pertsonari, elkarteari, administrazioari edo erakundeari ematen zaion garaikurra da.
2021. urte honetan, Zilarrezko Gehitu Saria Itxaro Bordari eman zaio, LGTBIQ+ komunitateko emakume olerkari gisa egindako lanean erakutsi dituen ausardiagatik eta zintzotasunagatik, euskararen erabilera erresistentzia gisa aldarrikatuz gizarte patriarkal eta hipermaskulinoan fronte desberdinak biltzen dituen borroka batean. Itxaro Borda, eskuzabaltasun osoz, Gehitu magazinaren kolaboratzailea ere bada.
“Itxaro Bordaren olerkigintzan, ospakizun alternatiboaren ikur da aniztasunaren jarrera aldarrikatzaile eta bisionarioa (gorputzaren, hizkuntzaren, sexualitatearen, kulturaren eta geografiaren aniztasunarena), baita ipar euskal herriko idazle honek maiz salatzen duen euskal naziotasun uniboko, hipermaskulino batek ezartzen dituen balioekiko erresistentziaren ikur ere. Desberdintasunak barnean hartzen dituen hizkuntza/naziotik kritikatzen du hizkuntza/nazioa, eta horrela boterearen diskurtso unibokoa desartikulatzea lortzen du, esentzialismoei eta hierarkiei aurre eginez «zentralitate mugikor» batetik edo mugikortasun periferiko batetik bere obra poetikoak planteatzen duen alternantzien estetikan.” “Poética de resistencia en Itxaro Borda”. Tina Escaja, Vermonteko Unibertsitatea (AEB).
Itxaro Borda – (Baiona, 1959ko martxoaren 29a)
Euskal idazlea da. Nafarroa behereko Oragarren igaro zuen haurtzaroa, hangoa
baitu familia. Donapaleuko Jean Errekarte lizeoan nekazaritza-batxilergoa ikasi
zuen, eta Paueko Unibertsitatean burutu zuen Historiako lizentzia. Gaur egun
Baionan bizi da.
Literaturaren arloan, 1974an argitaratu zuen bere lehen olerkia Herria aldizkarian. 1982an, Maiatz literatura-aldizkariaren sortzaile izan zen Luzien Etxezaharretarekin batera. Lehen olerki-liburua, Bizitza nola badoan, 1984an argitaratu zuen.
Bere lanen artean, azpimarratzekoak dira “ni” poetikoaren erabilera, egunerokotasunarekiko konpromisoa, sistemaren aurkako jarrera, sexu-aniztasuna ikusgai egitea eta euskararen aldeko kezka.
Poesiaz gain, narrazioak eta saiakerak ere idatzi ditu, eta itzulpen-lanak ere egin ditu, besteak beste, Bertold Brenchten Kaukasiar kreazko borobila euskaratzeaz arduratu zen. Abestiak idatzi ditu hainbat musikarirentzat, euskarazko prentsa-artikulu ugari argitaratu ditu, eta Euskaldunon Egunkaria eta Berria egunkarietan kolaboratzaile gisa aritu da.
Bere obrako pertsonaiarik ezagunenetakoa da Amaia Ezpeldoi, zuberotar detektibe atipikoa, landa-ingurukoa, bisexuala eta komunikazio-arazoak dituena. 1994ko Bakean ützi arte eleberrian agertu zen lehen aldiz Ezpeldoi, eta 1996ko Bizi nizano munduan eta Amorezko pena baño eleberrietan ondoren, horiekin trilogia osatuz. Hiru lan horietan guztietan, Zuberoarekin lotutako gaiak jorratzen ditu Bordak, hala nola, gasaren industria edo espartzuaren ekoizpena eta Ipar Euskal Herriko egoera sozioekonomikoa eta kulturala. Jalgi hadi plazara izeneko lanean (2004) berriro agertu zen pertsonaia hori, baina eleberri hori Bilbon kokatua dago. 2012an bosgarren eleberri bat argitaratu zuen, Ezpeldoi protagonista zuena, Boga Boga.
Amaia Ezpeldoi alde batera utzita, Bordak % 100 basque (2001) argitaratu zuen, 2002an Euskadi Saria irabazi zuena. Liburu hori euskaltasunari buruzko hausnarketa da: zer den, zein diren benetako ezaugarriak, zer den euskal kultura, zerk osatzen duen eta nola adierazten den… Egileak etengabe jorratzen ditu estiloaren inguruko gaiak eta, aldi berean, estereotipoak, errealitatearen beharra (batzuetan badirudi egileak irakurlea astindu nahi duela errealitate-dosi baten bidez), kritika sozioekonomikoa eta kulturala eta abar uztartzen ditu.
Itxaro Bordak jaso dituen sarien artean daude Euskadi Saria, 2002an %100 basque eleberriarengatik, Rosalia de Castro poesia-saria, 2010eko azaroan Galiziako PEN Klubak emana, eta aurtengo Zilarrezko Gehitu Saria.
Related posts
Bilatu
Eman izena Gehituren Whatsapp taldean
Gure ekintzen berri izan nahi Whatsapp bidez? Zure mugikorreko kontaktuetan Gehituren zenbakia sartu 607 829 807 eta bidali ALTA hitza eta IZEN-ABIZENAK, hedapen-zerrendan sar zaitzagun. Mezu horiek jasotzeari utzi nahi izan ezkero berriz, bidali BAJA hitza.